Azken-aurreko atala

Irujo-Barriolak eta Bengoetxea-Apraizek finalerdietan toki bat izateko neurtuko dituzte indarrak gaur, Urdulizen

Juan Martinez de Irujo, pilota jotzen, joan den igandean, Eibarko Astelehena pilotalekuan. JON HERNAEZ / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Asko dute irabazteko Irujok eta Barriolak gaur. Baita Bengoetxea VI.ak eta Apraizek ere. Finalerdietako ligaxkan aritzeko, partida garrantzitsua jokatuko dute. Hamabi jardunaldi jokatuta, seina partida irabazi dituzte bi bikoteek. Egoera berean daude Xala eta Laskurain.

Irabazteko adina dute galtzeko. Asko. Garaile irteten denak egoera zailean utziko du beste bikotea, aurrera egiteko ia aukerarik gabe. Lehen fasea amaitzeko falta diren bi partidak irabazi beharrean dira, azken jardunaldianbeste partidetako emaitzen mende egon nahi ez badute behintzat.

Lehen fase horretako seigarren jardunaldian neurtu zituzten indarrak lehenengoz Irujo-Barriolak eta Bengoetxea VI.a-Apraizek, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Leitzarrak eta gernikarrak ezustea eman zuten orduan, aise irabazi baitzuten: 22-15. Ezustea Aspeko bikoteak ere eman zuen nolabait, bigarren partida galdu baitzuen jarraian — bosgarren jardunaldian Olaizola II.a-Beroizen aurka galdu zuen: 22-15 —. Askoren esanetan, txapelketa irabazteko hautagaitzarik sendoena osatzen zuten nafarrek. Bestelakoa erakutsi dute txapelketaren joanean. Inor gutxik espero zezakeen azken bi partidak falta direla oraindik sailkatu gabe egongo zirenik. Bistan da zerbaitek huts egin duela.

Garaiz daude orain arteko okerrak zuzendu, eta finalerdietan aritzeko. Okerrik ezean, han beharko lukeen bikotea da Irujo-Barriola. Azken jardunaldian Berasaluze VIII.a eta Albisu izango dituzte aurkari.

Ibilbide antzekoa izan dute Bengoetxea VI.a-Apraizek. Ezustekoren bat ere eman dute tartean-tartean, eta merezi dutenlekuan daude, finalerdietan sartzeko borrokan. Asegarceko bikoteak Xala eta Laskurainen aurka jokatuko du azken jardunaldian.

Atzo, bi pilota aukeraketa

Hamahirugarren jardunaldian jokatuko diren beste bi partidetarako pilota aukeraketak egin zituzten atzo, Logroñon (Espainia) eta Tolosan (Gipuzkoa).

Berasaluze VIII.a-Albisu eta Titin III.a-Merino II.a etzi ariko dira elkarren aurka, Adarraga pilotalekuan. Denak ere gustura gelditu ziren atzo egindako aukeraketarekin. Bi bikoteek zazpina partida irabazi dituzte. Berasaluzek eta Albisuk nahikoa dute etziko partida irabaztearekin. Gaur Irujok eta Barriolak irabazten badute ere, sailkatuko dira. Aspeko bikoteak ere partidu bakarrera du hurrengo ligaxka, eta etzi, etxekoen aurrean ahaleginduko dira horretan.

Eguneko beste pilota aukeraketa Tolosan izan zen. Arretxe II.a-Begino Gonzalez-Pascualen aurka ariko dira astelehenean. Tramite hutsa izango da, ezer ez baitaukate jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.