Traineruen denboraldia hastear zela esan izan bazioten antzerkigile bati San Miguel ligan gertatuko zenaz obra bat idazteko, ez zuen ziurrenik tragedia hautatuko. Azken batean, arrauna kirola izanik, muturreko emozioak lekuz kanpo daudelako. Egia da irabazleak egundoko poza hartuko duela, eta jaisten denak sekulako pena. Baina galtzailearen kontakizuna urrun ikusiko luke tragediatik. Kirola besterik ez da.
Kirola dela ezin ukatu, baina azkena izateko arriskuan zein dagoen ikusita, antzerkigileak orain idatzi beharko balu zer gertatzen ari den ligan, ez harritu tragediaren alde egitea. Orio handia baitago azkena izateko arrisku gorrian. Duela hiru hilabete inork pentsatzen ez zuena gertatu egin da, eta klub historikoa eta loriatsuena kinka larrian da. Pentsa zer ariko diren pairatzen herrian. Irabaztera ohituta daude, ia irabazle bakarrak izan dira urteetan, eta orain, bat-batean, zuloan daude sartuta.
Gaur daukate burua ateratzen hasteko aukera. Herrian bertan. San Miguel ligako estropada Orion jokatuko dute (18:00). Biren artean dago azken postua saihesteko borroka: Orio izango da, edo Camargo izango da. Puntu bakarra ateratzen dio Oriok Camargori, eta gaurkoa eta biharko estropada baino ez zaizkie gelditzen lehia estu horretako garailea zein den zehazteko. Dena dela, atzo TKEk adierazi zuenez, azken sailkatuak ere ez jaisteko kanporaketa jokatuko du, Urdaibairekin zer gertatzen den ikusi arte. Urdaibai ligatik botatzen badute, azkenak kanporaketan egingo duen emaitza kontuan hartuko da. Ez badute bidaltzen, azken sailkatua behera joango da, kanporaketan egiten duena egiten duela. Azken-aurrekoak kanporaketan egiten duen emaitzak balioa izango du Urdaibai ez badute bidaltzen. Botatzen badute, libratu egingo litzateke azken-aurrekoa, kanporaketan behera joanda ere.
Komeni, hala ere, azkena ez izatea. Eta borroka horretan, ez da hitz gozorik Orioren inguruan. Baikortasuna Camargon dago. Azken asteburuko emaitzak aztertu besterik ez dago. Inork espero ez zuenean, Camargok zazpi puntu kendu zizkion Oriori, eta zortziren aldea ale bakarrean dago orain. Sekulako kolpea izan zen Oriorentzat eta oriotarrentzat.
Tamaina horretako borroketan, buruko lanak egundoko eragina izaten du. Bestelako lanak eginda daude aspaldi, edo eginda egon behar lukete, behintzat; orain hasten dena lehen egin gabea egiten, ez dabil bide onean. Galdua luke lehia. Buruak zeresan handia izango du. Oriori kalte besterik ez dio egin lepo gainekoak sasoi osoan. Nahi eta ezin dabiltza. Estropada asko ondo hasi dituzte, baina gero, kolperik txikiena jaso orduko, amildegian behera erortzen da trainerua. Horregatik, gaurko lanera buruz ahalik eta ondoen heldu beharko dute. Ez da erraza izango, kolpea kolpearen gainean hartzen ari denari gero eta gehiago kostatzen zaiolako jaikitzea. Baina jaiki egin behar du. Bestela, tragedia gauzatu egingo da. Onik ateratzen bada, aldiz, urte txar baten gisa izendatuko dute aurtengoa. Herritarren babesa izango du, eta onerako baliatu behar du hori.
Itsaso txarra dago emanda
Bien arteko borrokan erabakigarria izan daiteke itsasoaren egoera. Txarra dago emanda, eta horrek handitu egiten du zalantzaren neurria. Edozer gerta daiteke.
Bandera ere jokoan egongo da gaur. Lehia horretan betikoak ibiliko dira, itsaso txarrak aldrebeskeriaren bat egiten ez badu, behintzat. Kontxako sailkatze estropada buruan izateak ere baldintzatu dezake gaurkoa.
Azken-aurreko borroka
Azken sailkatuak ere ez jaisteko kanporaketa jokatuko du, Urdaibairekin zer gertatzen den ikusi arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu