Urtarriletik otsailera arteko bidea egin du BERRIA txapelketak, eta martxoan sartu da. 24 taldek abiatu zuten txapelketa, eta sei onenak baino ez dira gelditzen. Hirugarren fasea osatuta gelditu da joan den asteburuan. Baztango Txaruta eta Hernani taldeek osatu dute; estu eta larri Baztangoek, azken partidan ezustekoa emanda, eta nagusitasunez Hernanik, txapelketa irabazteko hautagaien artean dagoela erakutsita.
OIZPE (Berriz)49
TXARUTA (Baztan) 51
KADETEAK: Loidi -- Urkijo22
Madariaga -- Bereau14
GAZTEAK: Alberdi -- Perosanz22
Juanenea -- Barberena15
NAGUSIAK: Albizuri -- Zabala5
Zerezo -- Otxandorena22
Azken partida arte ez zen erabakita gelditu kanporaketa. Oreka espero zen aurreneko bietan, baina markagailuek adierazten duten baino oreka gutxiago egon zen. Azkeneko horretan, ordea, ezustekoa eman zuten nafarrek, eta hurrengo saiorako sailkatzea lortu.
Kadeteen partida aise atera zuten aurrera bizkaitarrek. Ez zuten apartekorik egin beharrik izan. Serio jokatu eta huts gutxi egitea nahikoa izan zuten, urduri eta euren buruari eutsi ezinda aritu zirelako kontrarioak. Urkijo atzelari bizkaitarra izan zen lau pilotarien artean onena.
Partida lehiatua espero zen gazteetan, baina Nafarroako txapeldunek ez zuten euren maila eman. Hasieratik aritu ziren kontrarioak haiek baino hobeto. Jaun eta jabe egin zen Perosanz atzeko koadroetan, eta Alberdi lagunak ederki baliatu zuen haren nagusitasuna aurrean tantoak egiteko. Azken txanpan erreakzionatu zuen apur bat Txarutako bikoteak, eta tanto batzuk gehiago egitea lortu. Gerora erabakigarriak izan ziren tantoak, inondik ere.
Azken partidari, izan ere, 15 tantoko errentarekin ekin zioten Albizuri eta Zabala bizkaitarrek. Alde erabakigarria zela zirudien, baina inork espero ez zuena gertatu zen. Ezer galtzekorik ez zutela jakinda, hasieratik arriskatzera jokatu zuten nafarrek. Zerezo aurrelariak bikain asmatu zuen sakearekin, bizkaitarrek egun txarra izan zuten benetan, eta 22-5ekoarekin egin zuten aurrera nafarrek.
AÑORGA (Donostia)44
HERNANI56
KADETEAK:Iriondo -- Jauregi17
Arrieta-- Otaegi 22
GAZTEAK: Eskudero -- Sagaseta5
Mendizabal -- Esnaola22
NAGUSIAK: Erroizenea -- Jauregi22
Ojuel -- Gorrotxategi12
Aurtengo txapelketa irabazteko hautagaien artean dago Hernaniko taldea, eta ederki erakutsi zuen hori igandean Urnietan. Oreka espero zen kadeteen partidan, eta oreka izan zuen. Jauregi Añorgako atzelaria aurrelari postuan aritzen da normalean, eta kostatu egin zitzaion partidan sartzea (7-1). Jauregi asentatu zenean hartu zuen beste itxura bat partidak. Otaegi Hernaniko atzelaria apurtzen saiatu ziren Añorgakoak, baina ez zuten lortu. Hura bikain aritu zelako, eta Arrieta bikotekideak asko lagundu ziolako.
Gazteen partida Mendizabal aurrelariak erabaki zuen Hernaniren alde. Lehen tantoetan izan zuen oreka apur bat, baina Esnaola atzelariaren segurtasuna baliatuta, sekulako erakustaldia eman zuen Mendizabalek. Mota guztietako tantoak egin zituen eta, partidaz gain, kanporaketa bera ere erabakita utzi.
Azken partida hasterako dena erabakita zegoen arren, norgehiagoka polita jokatu zuen bi bikoteek. Añorgak bikote sendoa du maila horretan, eta markagailuari erreparatu besterik ez dago horretaz ohartzeko. Hernaniko bikote gazteak, dena dela, ez zuen sekula amore eman. Erroizenea-Ojuel lehia izan zen partidako onena.
Azken-aurreko txanpan sartuta
Baztango Txarutak eta Hernanik osatu dute BERRIA txapelketako hirugarren fasea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu