Azken-aurrekoa, etxean

Sebastien Loebek Frantziako Rallya irabazita lortu du zazpigarrenez munduko txapela. «Arriskuan» egoteaz nekatuta, heldu den urtean hartuko du erretiroa.

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Historiaren ateak hizki larriz ireki zituen herenegun Sebastien Loebek. Alsaziarra (Frantzia, 1974) jaiotzez, etxetik kilometro eskasetara irabazi zuen herenegun Frantziako Rallya, eta, bide batez, munduko txapela, zazpigarrena. Aurretik inork lortu gabeko marka da, eta beste argazki bat errekor bilduman: proba gehien irabazi duen gidaria (60), proba bera aldi gehienetan irabazi duena (Alemaniakoa, 8) eta rally bat tarte guztietan denborarik onena lortuz irabazi duen bakarra (Korsika, 2005). Lorpen guztiak Daniel Elena kopilotuaren alboan irabazi ditu. Mitoak, baina, badu azken atala, heldu den sasoiaren akaberan erretiroa hartuko duela aurreratu baitu, ez duelako jarraitu nahi bere bizitza «arriskuan jartzen».

Gimnastika entrenatzaile baten seme, lau aldiz izan zen Alsaziako txapeldun gaztetan, eta oraindik sasoi harrigarria du. Gazte hark, baina, gasolina zuen zainetan. Dirua bildu bezain laster erosi zuen Renault 5 GT Turboa. 30.000 kilometro egiteko diseinaturiko pneumatikoek 2.500 iraun zioten bakarrik, eta gidabaimena maiz egon zen poliziaren eskuetan. Ezpala bazegoen, eta 2002an hartu zuen parte aurrenekoz Munduko Txapelketan.

2003a izan zen bere lehen urte osoa, eta McRae eta Sainz taldekideak baino hobea izan zen. Azken probara txapeldun izateko aukerarekin iritsi zen, baina Citroen etxeak ez zion utzi oldarkor izaten eta Peter Solberg estutzen, talde mailako titulua lehenesten zelako. 2004an iritsi zen lehen txapel handia, eta beste sei etorri ziren gero. Egun ez du parekorik, eta litekeena da aurten azken-aurrekoa izatea. Eta hori da kritikariek egozten diotena: mitoa izan badela baina ez duela Juha Kankkunen eta Tommi Makkinen onenak bezalako aurkaririk izan eta txapelketa bera galbidean dagoela. Agian horregatik esango du agur hurrengo urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.