Kroaziak eta Espainiak irabazi dituzte azken bi Munduko Txapelketak. Kroaziarrek orain lau urte lortu zuten txapela, Portugalen, Alemaniari finalean irabazi ondoren. Espainia, berriz, orain bi urte igo ziren podiumeko koska gorenera, Tunisian, Kroazia finalean mendean hartu ostean. Urtebete geroago, ezer ez da berdin. Kroaziarrak eta espainiarrak ez dira ariko Alemaniako Munduko Txapelketako finalerdietan. Alemaniak 27-25 irabazi zion atzo Espainiari final-laurdenetan, eta Frantziak gauza bera egin zuen Kroaziarekin (18-21). Alemaniarrak eta frantziarrak ariko dira elkarren aurka bihar, lehen finalerdian. Poloniak eta Danimarkak jokatuko dute beste finalerdia. Bi selekziok atzo lortu zuten sailkapena, Errusiari eta Islandiari irabazi eta gero. Poloniak 28-27 hartu zuen mendean Errusia, eta Danimarkak 41-42 Islandia. Igandeko finalean gertatzen dena gertatzen dela, munduko txapeldun berria izango da.
Kolnarena pabiloiko infernuan kiskali zen Espainia. Ia 20.000 ikusleren babesa izatea abantaila handia da, are gehiago antzeko maila duten bi selekziok elkarren aurka jokatzen dutenean. Erabakigarria izan daiteke. Eta hala izan zen atzo.Hirunako berdinketa kenduta, beti izan ziren aurretik alemaniarrak markagailuan. Talde lana izan zuten makulu. Jansenek, Glandorfek, Kehrmannek, Zeitzek... Jokalari garrantzitsuek ez zuten huts egin. Golak sartzeko ardura banatu zuten euren artean, baita ondo banatu ere. Defentsan, berriz, Schwarzerrek, Roggischek eta enparauek horma eraiki zuten. Atean, Fritzen lana oharkabean pasatu zen minutu askotan, baina jokalari handien antzera, taldeak gehien behar izan zuenean azaldu zen.
Espainia ezinean aritu zen partida guztian, bai erasoan, bai defentsan. Erasoan, Urios eta Iker Romero izan ziren etxeko taldearen harresia gainditzen asmatu zuten bakarrak. 15 gol sartu zituzten bien artean -Espainiak sartutako golen %60-. Defentsan ere pattal aritu ziren espainiarrak. Oraingoan, gainera, Barrufetek ezin izan zuen defentsak eginiko hutsak konpondu. Espainiaren bidea bere atezainen lanaren araberakoa izan ohi da, eta atzo eskas aritu ziren. Eskas haiek, eta eskas Espainia.
EZUSTEKOA, FRANTZIAK. Pattal aritu zen ere Kroazia, ezinean. Inork ez zuen espero olinpiar txapeldunen txakalaldia, atzo arte ikusgarri aritu baitziren: zazpi partida jokatu zituzten eta guztiak irabazi. Baina Frantziak ustekabean harrapatu zuen Kroazia. Ondo hasi zuen partida, Guigou eta Abalo hegalekoen golei esker, hiru gol jarri baitzen aurretik (4-7). Kroaziarrei kostatu zitzaien partidan sartzea, 20 minutu, Balic esnatu zen arte. Portlandeko erdikoak ederki zuzendu zuen Kroaziaren erasoa, baita golak sartu ere. Haren lana erabakigarria izan zen Kroaziak gora egin eta lehen aldiz aurretik jar zedin (11-10). Horrek, hala ere, ez zituen frantziarrak kikildu. Abalo eta Karabatic azaldu ziren orduan. Eskuin hegalekoak eta ezker albokoak erakustaldia eman zuten bigarren zatian. Haienak izan ziren Frantziak bigarren zatian sartu zituen 11 golak. Abalok sei aldiz zulatu zuen Alilovicen atea, eta Karabaticek lau aldiz. Konturatu orduko, kroaziarrek galdua zuten partida (15-19). Azken minutuetan saiatu ziren emaitzari buelta ematen, baina berandu zen jadanik. Presek, gainera, kalte egin zieten, minutu erabakigarrietan bi jokalari gutxiagorekin aritu baitziren, Balic gabe, Dominikovic gabe. Frantziarrek neurria hartuta diote Kroaziari. Iaz ere, Suitzako Europako Txapelketan, lehiaketatik kanpo utzi zuten: 29-23 irabazi zioten finalerdietan.
POLONIA ETA ISLANDIA, ESTU. Poloniak eta Danimarkak aurreikuspenak bete zituzten, eta finalerdietarako sailkatu ziren, Errusia eta Islandia bidean utzita. Ederki sufritu zuten biek garaipena lortzeko, Danimarkak batez ere. Espero zen bezala, partida ikusgarria jokatu zuten danimarkarrek eta islandiarrek. Erasoko jokoa nagusitu zen, defentsakoaren gainetik. Horrek gol festa ekarri zuen. Danimarkari ederki kostatu zitzaion Islandiaren presioa gainetik kentzea. Partida bukatzeko ordu laurden faltan, lau gol ziren aurretik danimarkarrak. Erabakita zirudien partidak. Usteak ustel, Gudjonssonen golei esker, Islandiak partida berdindu zuen, eta luzapena behartu. Lehen luzapenak ez zuen ezertarako balio, ez baitzen oreka hautsi (38-38). Bigarren luzapenean, ordea, Danimarkak huts gutxiago egin zituen, eta garaipena lortu zuen.
Poloniak ere ez zuen partida samurra izan, Errusiak uste baino arazo gehiago eman baitzizkion. Partida amaitzeko hiru minuturen faltan 27na zeuden berdinduta bi taldeak, baina errusiarrak ez ziren gai izan beste gol bat sartzeko. Bieleckik, ordea, garaipenaren gola eman zion Poloniari. Bogdan Wentak zuzentzen duen taldeak eskura du inoiz Munduko Txapelketa batean egin duen lan onena berdintzea: 1982an, Alemanian, hirugarren izan zen.
Azken bi txapeldunak bidean geratu dira
Alemania, Frantzia, Polonia eta Danimarka ariko dira Munduko Eskubaloi Txapelketako finalerdietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu