Dinamika da Athleticen eta Osasunaren artean dagoen alde nagusia. Talentu eta grina aldetik apenas dagoen alderik bi taldeen artean. Sasoi hasierako helburuak ere bertsuak ziren, baina denboraldian kontrako bidea hartu dute. Zuri-gorriak gorantz doazen abiadura bertsuan ari dira atzerapausoak ematen gorritxoak. Sailkapenak baino ez du erakusten bi taldeen artean dagoen aldea, jokoan antzera ari baitira. Txukun ari dira jokatzen. Aurkariarentzat talde ezerosoak dira. Asko eta gogor borrokatu behar da bi taldeei irabazteko. Baina azken emaitza oso ezberdina da. Athleticek etekin handia atera dio azken bi hilabeteotan egindako beharrari. Osasuna, berriz, ezinean ari da. Ezin du emaitza onik eskuratu.
Ligan gertatzen denak eragina izaten du Espainiako Kopan sarri. Joaneko neurketan argi eta garbi ikusi zen. Etxeko taldeak, irabazteko merituak egin zituen arren, berdinketarekin konformatu behar izan zuen azken minutuan sartu zioten gol baten ondorioz. Nola ez, dinamika onean ari den taldeak bideratu zuen kanporaketa neurketako azken jokaldian.
Athleticek aprobetxatu egin behar du bolada ona. Ligan behin betiko lasaitzeko aukera dauka. Kopan, berriz, aukera ona dauka finalerdietarako sailkatzeko. Bi lehiaketetan aurrera egiteko, ohikoen alde egingo du gaur Joaquin Caparrosek. Indarrik gabe geratu edota min hartu arte jokalari berberak zelairatuko ditu entrenatzaile zuri-gorriak -hobe da martxoan edo apirilean zer gerta daitekeen ez pentsatzea-. «Osasunaren aurka ohiko taldea ateratzeko asmoa daukat», adierazi du Caparrosek.
Beraz, Osasunaren aurka onenek jokatuko dute. Oker handirik ezean, aldaketa bakarra izango da hamaikakoan: Gabilondok jokatuko du, David Lopezen partez. Gainerako hamarrak Vicente Calderonen aritu zirenak izango dira. Arrazoi asko ditu entrenatzaileak aldaketarik ez egiteko. Lehenik, Kopan aurrera egitea delako zaleen artean ilusioa sortzeko biderik errazena. Kanporatzen badituzte, kritika gogorrak entzun beharko ditu. Bigarrenez, ez daukalako argi kanporaketa irabazita dagoela. Osasuna aurkari ezerosoa dela iritzi dio. Ondo jokatzen ari da. Eta, hirugarrenez, Athleticen onenek jokatu behar dutelako garaipenak eskuratzeko. Zuri-gorriek ez dakitela «indarrak neurtzen» eta emaitzarekin jokatzen uste du.
Gola behar du Osasunak
Athleticek arazoak ditu partidak kontrolpean izateko, eta, horrexegatik, argi utzi du Joaquin Caparrosek ez direla hasierako 0-0ekoa defendatzera zelairatuko. Hargatik, berdinketa horrek Athletic sailkatuko luke hurrengo kanporaketarako, eta, ondorioz, gaur iluntzeko norgehiagokan Osasuna bakarrik dago behartuta gola sartzera. Jose Antonio Camachoren taldeak derrigorrean sartu behar du golen bat kanporaketa gainditu nahi badu. Caparrosek ez bezala, Camachok pazientzia eskatu die bere jokalariei, dena dela: «Partida hauek jokatzen jakin egin behar da. Ezin gara eroen moduan zelairatu golaren bila, beraiek markagailuan aurretik jarri arren azken unea arte berdintzeko aukerak izan baititzakegu, haiek aurreko astean gure zelaian erakutsi moduan. Athleticek azken minutuan gola sartzeko zortea izan zuen joaneko partidan, eta guk 90 minutu ditugu aurretik zortea bilatzen ahalegintzeko. Gola sartzeagatik eroen moduan tokia galtzerik ez dugu, ordenari eutsi beharra dago», adierazi zuen atzo gorritxoen entrenatzaileak.
Hasierako hamaikakoan aldaketa ugari egingo ditu Camachok, gehiegi agian, baina helburua argi dute gorritxoek: Espainiako Kopako final-laurdenetan izan nahi dute, Sporting edo Valladolid menderatu eta finalerdietarako sailkatu ahal izateko. Ligan azken jardunaldian Bartzelonaren aurka hasieratik aritu ziren hamaika jokalarietatik sei deialditik kanpo utzi ditu Camachok. Roberto, Miguel Flaño, Nekunam, Vadocz eta Pandiani, berriz, San Mamesen izango dira gaur. Baina haietatik bi besterik ez dira egongo hasierako hamaikakoan: Nekunam eta Vadocz euskarriak. Ondorioz, bederatzi aldaketa egingo ditu Osasunako entrenatzaile espainiarrak hamaikakoan, eta argi dago Kopari baino garrantzi handiagoa ematen diola Camachok Ligari.
Hargatik, ezohiko jokalariei aukera emango dien arren, Camachok kanporaketa gainditzea beste helbururik ez du: «Ezinezkoa da jokalariei Ligak lehentasuna duelako partida honek interesik ez duela sinetsaraztea. Arreta guztia Ligan jarri behar dela dioen zaleak ere azalpenak eskatuko lizkiguke Kopari muzin egingo bagenio. Gainera, inoiz ez dago jakiterik zer den hobea», esan zuen entrenatzaileak, adibidez, Osasunaren egoeran Kopatik at geratzea taldearentzat onuragarria izan daitekeela gogoratu ziotenean.
Azken emaitzan dago aldea
Athleticek eta Osasunak Espainiako Kopako final-zortzirenetako itzuliko partida jokatuko dute gaur San Mamesen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu