LUGAƑENE BASERRITIK

Azken erronka

Ane Sanchez Goyogana
2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Asteburuero, autoetara igo eta gure arrauneko ametsetatik gertuago egoteko bidera abiatzen ginen. Pasatu berri den asteburukoa, ordea, ezberdina izan da. Uda osoko lan onari esker atzaparrekin ukitzen genuen 2023ko ligaren txapeldun egingo gintuen koroa. Zarauzko bandera preziatua ere jokoan zegoen, eta horrek urduritasun handiagoa erantsi zion asteburuari.

Batzuen lehen koroa izan da, eta horiek urduritasun handiagoa azaldu dute. Beste askorentzat, ordea, bigarrena; bagenekien zer zen, baina ezin genion emozioari eutsi. Ez dugu bide erraza izan ona heltzeko, traba ugari jarri dizkigutelako kanpotik, negua oso gogorra izan delako, trainerua uretaratzeko zailtasun handiekin, baina merezi izan du saria esku artean izateko. Argi dago ongi egindakoek ekarri gaituztela hona; ligako lehia inoizko estuena izan ez bada, lehiarik estuenetakoa izan denean txapeldunak izan gara. Getariko arrapalan askatu genituen denboraldiko tentsioak, oihu, malko, salto eta besarkadekin. Gure artean eta egunero ere atzeko lanaren parte diren familia, lagun, bikotekide eta jarraitzaileekin.

Ospatu beharraren araua ongi bete du taldeak, baina jadanik asteburua pasatu da, eta erronka berri bat dugu esku artean: Kontxako Bandera. Atzera begiratu, eta liga hasteko zain geunden. Baina, ustekabean, amaierara ari gara iristen. Gogo handiz ekingo diogu denboraldiko azken txanpari.

Lan handia egin beharko dugu talde guztiek, fisikoa baina baita psikologikoa ere. Luze egiten dira lehia iritsi bitarteko egunak, eta presioa eta kanpoko ahotsak kudeatzen ere lan handia izango dugu. Talde ugarik ditugu irabazteko aukerak, denon nahia da, eta denek estutuko dituzte hortzak, baina burua ondoen erabiltzen duenaren eskuetan egon daiteke saria. Eta nolako saria!

Ligako txapeldunak gara, eta Kontxako Banderan gogoz borrokatuko gara, hura ere irabazten saiatzeko. Baina topiko bat dirudien arren, denboraldi honetako saria talde giroa eta palakada guztiak gozatzeko aukera izan dira. Aurreko urteetatik ongi ikasiak gatoz, eta irabazteak beti du balio handia. Baina ondoan dituzunekin harreman estua sortu eta elkarrekin ospatzeko aukerak ez du parekorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.