Azken kolpea eman nahi du

Gaur Nacionali irabaziz gero, Athleticek eskuan izango du Europako Ligako final-hamaseirenetarako txartela

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Athleticek denboraldiko hogeigarren partida jokatuko du gaur, Madeiran (Portugal), Nacionalen kontra. Ez dago ohituta Athletic horrelako egutegietara. Astean behin jokatuta ere talde lehiakorra izateko arazoak izan ditu azken denboraldiotan. Baina sasoi honetan txipa aldatzera behartuta egon da. Gauza ederra da Europako lehiaketa batean parte hartzea, baina, era berean, kezka ere sortzen du talde zuri-gorriaren inguruan. Ez da, gainera, zale eta adituek soilik duten kezka. Joaquin Caparrosek, adibidez, mezu garbia zabaldu zuen Atletico Madrilen aurkako partidaren ostean. «Hiru lehiaketatan parte hartzea garesti ordain dezakegu», esan zuen. Argia da entrenatzaile espainiarra. Ondo pentsatuta zeukan noiz esan behar zuen esan zuena. Irabazi ostean, alegia.

Baina gisa horretako eztabaidak norgehiagokarik ez dauden egunetakoak dira. Partida jokatzeko unea ailegatzen denean inor ez da oroitzen aurrera begira zein eragin izango duen horrenbeste ahalegin egiteak. Egindako jokoa eta azken emaitza baino ez dira aztertzen. Garaipenak bakarrik balio duela, alegia. Gaur ere Madeiran ikusitakoaren araberakoak izango dira txistuak eta txaloak. Irabaziz gero bolada txarra behin betiko amaitu dela eta aurrerantzean egokituko diren aurkarien izenak ibiliko dira ahoz aho. Berdinketak ere azterketa baikorra ekarriko du. Izan ere, Austria Vienak Werder Bremenen zelaian galduz gero, ia eginda egongo dira etxeko lanak. Multzoko beste neurketako emaitza horren ona ez bada, berriz, lehen postua eskuratzeko aukerak eta Vienan punturen bat eskuratzeko premia izango dira hizpide. Galduz gero, joan den ostiralera arteko kontuak izango dira nagusi berriz: taldearen jokoa, hiru lehiaketetan parte hartzeak dakarren nekea...

Baina kontu horiek bihartik aurrerakoak izango dira. Gaur aurkaria baino talde hobea dela erakutsi behar du Athleticek. «San Mamesen lana eman zigun, baina helburua irabaztea da. Talde hobea gara». Argi eta garbi mintzatu zen Iñigo Diaz de Zerio aste hasieran. Neurri batean harrigarriak ere izan ziren haren adierazpenak. Izan ere, Lezamako egunerokoa jarraitzen duten kazetariak ez daude ohituak jokalari bat horren garbi mintzatzen entzutera. Litekeena da, gainera, etorkizunean Diaz de Zerio bera ere hain garbi ez mintzatzea.

Diaz de Zerio, zain

Zelaira bueltatzeko irrikan dago Diaz de Zerio. Ez da hasieratik ariko, baina baliteke jokatzeko aukera izatea. Partidak eskatzen duenaren arabera hartu beharreko erabakia izango da. Garaipena argi ikusiz gero edota porrotak atzera bueltarik ez badauka izan dezake berriz jokatzeko aukera. Neurketa bestelako egoera batean badago, nekez jokatuko du.

Gainontzean, entrenatzaileak dituen asmoen gainean ezin daiteke gauza handirik aurreratu. Gainera, ikusmina dago entrenatzaileak partidari emango dion garrantzia zenbatekoa den ikusteko. Kontuan hartu behar da astebetean hiru neurketa jokatu beharko dituela Athleticek. Berez, Madeiran eta Santanderren (Espainia) jokatu beharrekoak dira gutxien jokatzen dutenei aukera emateko neurketa egokienak. Orain arte eskuratutako emaitzei esker bietan baitauka Athleticek huts egiteko aukera. Baina ez da ahaztu behar Liga dela zuri-gorrien lehentasuna. Bestalde, gaur irabazita, Europako Ligako hurrengo bi partidak botatzeko aukera izango luke Athleticek. Kontu horiek guztiek hartu beharko ditu aintzat Caparrosek hamaikakoa erabaki aurretik.

Madeiran irabazi nahi badu, onenak zelairatu beharko ditu Caparrosek, jokatzen badakiela erakutsi baitzuen Nacionalek San Mamesen. Kutsu brasildarra duen taldea izan arren, aurrean indarra du oinarri. Euren jokoaren erritmoa eta maila teknikoa ez dira zuri-gorrien parera ailegatzen, baina zaleen babesarekin bigarren mailan gera daiteke hori. Athleticek ere makina bat aldiz erakutsi du hori aurkari hobeen kontra jokatu duenean. Beraz, ezustekorik ez izateko, kontuan hartu beharko dira Orbaizek esandakoak. «Athleticek dena eman ezean, ezin du irabazi. Lanean zintzo aritu eta presioan asmatu behar dugu».



Sailkapena

EUROPAKO LIGA L multzoaGaurOrdua TB

Nacional-Athletic 21:05 Gol TV

Werder Bremen-A. Viena 21:05



PuntuakJ I B G

.1. Werder Bremen. 7. 3. 2. 1. 0


. 2. Athletic. 6. 3. 2. 0. 1


3. Austria Viena. 2. 3. 0. 2. 1


. 4. Nacional. 1. 3. 0. 1. 2
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.