Azken koska falta zaio

Pauwelsek eskura dauka Munduko Kopa, baina igandean Hoogerheiden gertutik zaindu beharko ditu Nys eta Stybar

unai zubeldia
Donostia
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
«Behingoz lortu dut nire mailarik onena ematea». Iaz azaroaren 1ean Mario De Clercq sari nagusia irabazi berritan egin zituen adierazpen horiek Kevin Pauwels belgikarrak. Asmatu zuen behingoz hitzarekin, orain dela hamar urte junior mailako munduko txapelketa irabazi zuenetik azken leherketaren zain egon direlako zale gehienak. 20 urte eskasekin beste pauso bat eman zuen, 23 urtez azpikoen munduko txapelketa irabazita. Baina ordutik azken koska hori igotzea falta izan zaio beti. Gorabehera askoko kirol ibilbidea izan du Pauwelsek, baina inoizko arrakastarik handiena lortzeko zorian dago aurten. Igandeko Hoogerheideko (Herbehereak) azken probafalta dela, Munduko Kopako sailkapen buruan dago, 510 punturekin. Hori bai, bi aurkari gertutik zaindu beharko ditu, 20 puntura daukalako Sven Nys herrikidea, eta 55 puntura Zdenek Stybar txekiarra. Hirurek daukate aukera Munduko Kopa irabazteko. 135 punturekin, 24. postuan dago Egoitz Murgoitio abadiñarra.

2004tik barruan gordeta zeukan amorru guztia ateratzeko aukera paregabea dauka belgikarrak. Irailaren 26 malapartatu hartan bertatik bertara sufritu zuen anaiaren heriotza. Kevinen eskutik iritsi zen Tim anaia zaharrena Telenet taldera. Bihurgune batean galdu zen, ordea, Pauwels anaien ilusioa. Erpe Mere herriko proba sonatua lehiatzen ari zirela, bihurgune batean erori eta kolpe handia hartu zuen Timek hesi batzuen aurka. Hantxe bertan bertan hil zen.

Taborren, garaipen erosoa

23 urtez azpikoen munduko txapeldun izan zeneko gorpuzkera dotoreari eusteko gai izan zen Kevin Pauwels. Baina, normala denez, burua bere onera ekarri ezinik ibili zen denbora askoan. Aurre samarrean beti, baina, besteak beste, Stybar eta Nysen parera iritsi ezinik gehienean. 2011-2012ko denboraldiari ekin zion arte. Nysen atzetik, bigarren amaitu zuen Plzengo proba, Munduko Kopako estreinakoa, esprintean amore emanda —hirugarren proba ere, Koksijdekoa, esprintean irabazi zion Nysek—. Baina astebete geroago, Taborren, eroso lortu zuen lehen garaipena, Stybarri 32 segundoren aldea aterata.

Abenduaren 4an Euskal Herrira iritsi zen Munduko Kopa, eta Igorren eman zuen Pauwelsek ordura arteko kolperik handiena, Nysi berari 45 segundo aterata. Lehen lau probak jokatuta, bi garaipen eta bi bigarren postu.

Namurren bakarrik egin du irrist Pauwelsek denboraldi honetan, Munduko Kopako bosgarren proban. Laugarren postuan sailkatzea irrist egitea dela esan baliteke, behintzat. Nysek erakustaldi polita eman zuen Namurko zirkuitu lokaztuan, baina, bere txarrean, azken itzulian Stybar eta Meeusen pasatu eta puntu garrantzitsuak eskuratzeko gai izan zen Pauwels. Sailkapen nagusian bost puntu aurretik zuen une horretan Nys.

Baina azken bi probetan denboraldi hasierako erregulartasunari eutsi dio belgikarrak. Garaipena Zolderren, eta bigarren postua Lievinen, joan den igandean. Une honetan Nysekiko daukan 20 punturen aldeari esker, aurkariei begira egon gabe, igandean Hoogerheiden lehen hiru postuetan sailkatzea nahikoa du Pauwelsek Munduko Kopa eskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.