Tau Baskonia 84
Fuenlabrada 74
Tau Baskonia. Planinic (9), Rakocevic (7), House (17), Fajardo (2), Splitter (6) -hasierako bostekoa-; Prigioni (9), Erdogan (24), Teletovic (8), Peker (2).
Fuenlabrada. Brown (5), Miso (17), Solana (9), Praskevicius (9), Wideman (12) -hasierako bostekoa-; Lopez (3), Paraiso (6), Guardia (9), Blanco (4).
Markagailua. 25-19; 44-31 (atsed.); 51-54; 84-74.
Epaileak. Garcia Ortiz, Requena, Sacristan. Kaleratuak: House, Wideman eta Miso.
Besteak. 8.400 ikusle izan ziren Buesa Arenan.
Laugarren laurdeneangora eginez irabazi du Tauk, hirugarrenean irudi oso eskasa emanda
JON REJADO
Gasteiz
Tauren sasoiko irudirik onena. Lehiakorra. Defentsan aurkaria itotzen duena. Baloia mugituz, saskipea zein kanpoko lerroa bilatzeko gai dena. Irudi horri esker lortu zuen Tauk denboraldiko bigarren garaipena Fuenlabradaren kontra. Joko bikain hori azken laurdenean baino ez zen agertu, ordea. Hasierako hiruretan, tamalez, nola jokatu nahi duen ondoez dakien taldearena agertu baitzen .
Ohiko partida izan zen atzokoa atsedenaldira arte. Hasierako minutuetan oreka nagusi izan arren, lehen laurdena bukatzear zegoela aurreneko bultzada eman zuen Tauk (22-15). Bultzada hori, nola ez, kanpoko lerrotik heldu zen. Erdogan sasoia berreskuratzen hasia dela erakutsi zuen orduan.Atsedenaldira joan aurretik 13 puntuko aldea zuen Baskoniak, eta Erdoganek 16 puntu saskiratuak zituen ordurako. Estatistika on horien itzalpean ilunago bat zegoen, ordea. Barneko jokalari guztien artean hiru aldiz baino ez zuten saskipean jaurti.
Luis Casimiro Fuenlabradako entrenatzaileak zentzuzko erabakia hartu zuen orduan. Kanpoko lerroa itxi zuen 3-2 zonaren bitartez. Erabaki horren ondorioak ikusgarriak izan ziren. Hamalau puntuko tartea zuen orduan Baskoniak (48-34). Minutu batzuk geroago bi puntuko aldea zuen Fuenlabradak (48-50). Praskevicius eta Misoren artean alde guztia ezerezean utzi zuten. Erabakita zegoen partida hasiberria zen. Kanpoko lerroa kate motzean lotuta zegoen, eta Baskoniak ez zekien zer egin.
Azken laurdeneko lehen jokaldiak argi erakutsi zuen zein zen asmoa: saskipea berreskuratu. Zonakako defentsa barrutik apurtu zuen Tauk, eta, desoreka sortuta, hegalekoek jaurtitzeko aukera izan zuten. Horretaz gain defentsan tentsio izugarria erakutsi zuen. Jarraitzaileek biziki gozatu zuten azken minutu horietaz, denboraldian ikusi nahi duten Baskonia baitzegoen kantxan. Fuenlabradak ezin izan zuen ezer egin. Tau handiegia zen. Handitasuna mantentzea da orain xedea.
Azken orduko konponketa
Laugarren laurdenean gora eginez irabazi du Tauk, hirugarrenean irudi oso eskasa emanda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu