Errugbia. Europako Challenge kopako finala: Miarritze-Toulon. Patrice Lagisquet. Miarritzeko kirol arduraduna

«Azken partidetako jokoari eusten badiogu, ez dugu urruti izanen garaipena»

Patrice Lagisquetek Toulonen indarra eta presioa laudatu ditu. Hala ere, itxaropentsu dago etzi Londresen jokatu beharreko finalari begira. Ziur da Miarritzek Challenge kopa irabazteko aukera duela.

Eneritz Zabaleta.
Miarritze
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Lehia handietako giroaren erdian etorri da Patrice Lagisquet kazetariengana (Archachon, Frantzia, 1962). Europako Challenge kopako finala jokatu aurretik, lasaitasun harrigarria erakutsi du. Duela zenbait urte Miarritzeko entrenatzaile zelarik ez bezala, sasoi honetan patxada handiagoarekin dabil. Denboraldiko partida garrantzitsuenaren atarian, lasaitasun hori ez du galdu.

Nola doaz gauzak finala jokatu aurretik?

Ongi. Partida handiak etortzen diren guztietan bezala, inork ez dauka minik, jokalari guztiak jokatzeko moduan daude eta denak irrikaz daude finala noiz iritsiko. Entrenatzaileoi buruko minak pasatzeko unea iritsi zaigu, partida handien bezperan gertatzen den bezala, hautua soberan baitugu.

Sasoiko partida garrantzitsuena da ostiralekoa?

Segur aski, bai. Badakigu Challenge kopa irabazteak hurrengo sasoian Heineken kopa jokatzeko txartela emanen digula. Eta hori oso garrantzitsua da klubarentzat. Miarritzek badauka tradizio bat txapelketa honetan. Azken hamabi urteetan urtero aritu gara bertan, eta bitan finaleraino ere iritsi gara. Jokalarientzat ere zapore eta garrantzi berezia dauka. Azkenik, diru aldetik ere garrantzitsua da. Horiek denak ikusita, beraz, oso partida garrantzitsua izanen da finala guretzat.

Sasoia ez da izan ona. Gaizki joan den sasoi bati bukaera polita emateko aukera da finala?

Jokalariek oso aukera ederra dute, azken asteetan egin duten lanari sari eder bat emateko. Ikusiz azken asteetan erakutsi dugun maila, erran dezaket gurea sailkapeneko goialdean aritu behar zen taldea dela. Lehen itzulia bukatuta, azkenak ginen hamabost punturekin, eta bigarrena amaituta, bederatzigarren posturaino igo gara, eta 37 puntu eskuratu. Bigarren itzulian lehen lau onenen artean geunden. Emaitza horiek oso interesgarriak dira, eta presioa hor egon arren, ederki bukatu dugu denboraldia.

Finala abiapuntua izan daiteke jokalarientzat hurrengo sasoiari begira?

Horrela espero dugu. Top14an egin dugun bigarren itzuliak itxaropen ederra ematen digu, eta titulu batek jokalarien arteko harremanak sendotzen ditu. Bukaera on bat izanen da, hurrengo denboraldi-aurrerako denek ordua finkatzeko.

Parean Toulon izanen duzue, Top14a irabazteko hautagaia. Horrelako aurkari bati irabaztea ere motibazio bat izan daiteke liga zuen lekuan bukatu ez duzuela erakusteko ?

Izan daiteke, baina nahiago dut gauzak baikor ikusi. Jokalarientzat ederra da final bat jokatzea, eta titulu bat irabaztea. Gainera, hurrengo sasoian Heineken kopa jokatzea dago jokoan. Jokalari guztiek nahi dute Heineken Kopan aritu hurrengo sasoian. Bizipen ederrak izan dituzte anitzek txapelketa horretan.

Sasoi honetan bidea zailagoa izan zen Heineken kopan.

Pena izan da. Ospreys eta Saracensen aurka gauzak ongi egin genituen; ez dut uste haiek baino txarragoak ginenik. Partida batean huts egin genuen, Italian, Trevisoren aurka, eta hor galdu genuen final-laurdenetarako txartela. Sasoi bukaeran erakutsi dugun maila ikusiz, gauza eder bat egiten ahal genuela uste dut. Zinez pentsatzen dut merezi dugula Heineken kopa jokatzea.

Sasoiko heldu zarete.

Uste dut psikologiak anitz eragin duela horretan. Adibidez, joan zen asteko partidan jokalariek presiorik gabe jokatu zuten. Bagenekien mailari eutsiko geniola, eta denak lasai aritu ziren. Maila txukuna eman genuen, nahiz eta agian jokaldiak bukatzen ez genuen asmatu. Entsegua sartzear egon ginen bitan, baina bi aldiz baloiak ihes egin zigun. Baina jokaldietan gauza interesgarriak ikusi nituen. Aitzinekoen eta gibelekoen artean jokoa ongi banatu genuen, eta zangoz jokoa ongi kudeatu. Azken asteetan landu dugun jokoa zelaian ikusten hasi da. Tarteka ateratzen genituen sekuentziak iraunkortzen ari gara.

Orain finalean halaxe jokatu beharko duzue.

Finalak beti dira bereziak. Presio berezia izanen da, egun ederra. Parean ere, Stade Français baino askoz aurkari indartsuagoa izanen dugu. Baina azken asteetako mailari eusten badiogu, ez dugu urruti izanen garaipena.

Testuingurua berezia izanen da. Londresen finala, eta epaile ingelesak. Zer da hori, ona ala txarra ?

Ongi da atzerrian jokatzea. Ingalaterrako epaileak izateak ere beste kolore bat emango dio lehiari. Freskotasuna ekarriko du horrek, haizea. Top14ko testuingurutik ateratzen ahalko gara, estadio berri batean, atzerriko epaileekin. Twickenhamen ondoan egonen gara, eta hasiera emanen diogu errugbi asteburu eder bati. Txapelketa handi bateko parte egiten gaitu horrek.

Aurkari zaila da Toulon.

Touloni buruz mintzatzean, usu bere jokalari izarrak aipatzen dira. Egia da ez direla gutxi: Botha bat, Wilkinson bat, Giteau bat edo Hayman bat haien postuan munduko jokalari onenetarikoak dira. Baina Toulonen indar nagusia presioa da, grina. Aurkaria itotzeko gaitasuna du. Defentsan oso azkar igotzen du lerroa, zangoz Wilkinsoni esker beti presioa sartzen dizu, baloia zure zelaira botata. Uztartze irekietan ere oso gogorrak dira. Baloi anitz berreskuratu dituzte sasoi honetan, eta kontraerasoan min handia egiten dute haien abiadurari esker. Gauza bakarra azpimarratzekotan, presioa azpimarratuko nuke.

Toulonek, hala ere, ez ote du burua Top 14ko final-laurdenean izanen?

Hori da Miarritzen denek espero duguna [irriz]. Espero dut horrela izatea, baina harrituko ninduke. Dituen jokalariak ukanik, ez dut uste helburuz nahasiko denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.