Kirol irizpideak aintzat hartuta hamabost onenen artean sartzea zen lanik zailena. Helburu horri segika ireki zuen Igor Gonzalez de Galdeano Euskalteleko managerrak atzerritarren atea, eta lehen pausoa eman du proiektuak —Juan Jose Lobato, Tarik Chaufi, Jure Kocjan, Ricardo Mestre, Steffen Radochla, Andre Schulze, Alexander Serebriakov, Ioannis Tamuridis eta Robert Vrecer fitxatu ditu Euskaltelek—. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) atzo jakinarazi zuen kirol irizpideei segika zein talde dauden World Tourreko lehen hamabosten artean. Eta zerrenda horretan dago Euskaltel. Eurekin batera daude Astana, BMC, Cannondale, Greenedge, Katuxa, Lampre, Movistar, Omega Pharma, Rabobank, RadioShack, Sky, Vacansoleil, Ag2r eta Garmin. Ondo bidean, 2013an World Tourreko taldeak izango dira hamabost horiek, Euskalteli, Ag2r-ri eta Garmini World Tourreko lizentzia lortzea falta zaien arren.
Hiru talde horien kasuan, administrazio, finantza eta etika irizpideak hartuko ditu aintzat Lizentzien Batzordeak. Azaroaren 2tik 12ra bitartean joan beharko dute Euskaltelek, Ag2r-k eta Garminek Lizentzien Batzordera. Talde horiekin batera joango dira Francaise des Jeux eta Lotto-Belisol —World Tourreko lizentzia daukaten arren, ez dira sartu hamabost onenen artean—, eta Argos-Shimano eta Saxo Bank —ez daukate lizentziarik eta ez dira sartu hamabost onenenartean—. Azken lau talde horien artetik hiru taldek lortuko dute World Tourrean aritzea.
Europcarrek ere bazeukan aukera, 19. postuan sailkatuta, baina frantziarrek uko egin diote World Tourreko taldea izateari. Gonbidapenen mende geldituko dira, beraz. UCIk jakinarazi duenez, azaroaren 26an jakinaraziko du Lizentzien Batzordeak 2013an zein 18 talde ariko diren World Tourrean, eta abenduaren 10ean emango dute behin betiko erabakia. Euskaltelen kasuan, lau urterako litzateke lizentzia hori.
Azken pausoa falta da
World Tourreko taldea izateko pauso nagusia eman du Euskaltelek, kirol irizpideena; lizentzia soilik falta zaio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu