Txirrindularitza

Azken pedal kolpean, Enrico Battaglin

Etapa hasierako ihesaldia helmugaraino eramanda, Enrico Battaglinek (Bardiani) azken unean kendu dio garaipena Dario Cataldori (Sky). Faboritoen artean, erasora jo dute Domenico Pozzovivok (Ag2r) eta Nairo Quintanak (Movistar), eta amaieran gogotik sufritu dute Rigoberto Uranek (Omega) eta Cadel Evansek (BMC).

unai zubeldia
2014ko maiatzaren 24a
17:24
Entzun

Ez sinesteko moduan, Oropa mendate gogor-gogorrean esprintean eman dituzte azken pedal kolpeak Enrico Battaglinek (Bardiani), Dario Cataldok (Sky), Jarlinson Pantanok (Colombia). Etapa hastearekin batera 21 txirrindulariko ihesaldia sortu da, eta bertan sartu dira hirurak. Cataldo eta Pantano buruan zirela, azken-azken unean iritsi da aurrekoengana Battaglin, eta 25 metro falta zirela hartu die aurrea biei. Modu harrigarrian.

Etapa garaipeneko borrokatik urrun, Ryder Hesjedal (Garmin) eta Pierre Rolland (Europcar) mugitu dira lehenengo, eta Domenico Pozzovivo (Ag2r) eta Nairo Quintana (Movistar) gero. Mugimendu horiekin sufritu egin du Rigoberto Uran liderrak (Omega), eta Quintanarekiko 25 segundoko galera izan du azkenean. Cadel Evans (BMC) ere larri ibili da azken mugimenduekin, eta australiarrak hogei segundoko galera izan du Quintanarekiko. Steve Morabitok (BMC) eta Diego Ulissik (Lampre) atzera egin dute sailkapenean, Oropako helmugan denbora dezente galduta. Uranek 32 segundoko aldea dauka orain Evansekiko eta 1.35ekoa Rafal Majkarekiko (Tinkoff). Valdengo eta Plan di Montecampione artean, Giroko 15. etapa jokatuko da bihar, 225 kilometrokoa. Hemeretzi kilometroko igoera da azkena, eta %7,7ko batez besteko aldapa dauka. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.