Azken porrotaren osteko kritikak uxatu nahi ditu Osasunak

Gaur etxean Valentziari irabazita, 29 punturekin amaituko luke lehen itzulia, sailkapeneko postu gozoenetan

Iruñea
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan Racingen aurka Nafarroako Erresuman sasoiko lehen partida galdu ostean, Osasunak ordura arteko bide onera itzuli nahi du gaur eguerdian, Unai Emeryren Valentzia mendean hartuta. Ez da norgehiagoka samurra izango nafarrentzat, Ligako hirugarren sailkatua baita Valentzia, eta joan den asteburuan etxean Realaren aurka galdu eta gero Ligan bi partida jarraian galtzerik ez dute nahiko Soldadok, Albeldak, Jonasek, Adurizek eta enparauek. Hargatik, sailkapeneko seigarren postuan halabeharrez ez daudela erakutsi nahi dute Jose Luis Mendilibarren jokalariek, eta, horretarako, puntuak batzen jarraitu beharra daukate.

Atzo, haserre samar agertu zen gorritxoen entrenatzailea prentsa aretora, dena dela. Zaldibartarraren ustez, «gehiegizkoak» dira Racingen aurka galdu ostean egin dizkioten kritikak: «Lau partida soilik galdu ditugu Liga hasi zenetik, eta pozez zoratzen egon beharko genuke. Baina sailkapeneko azken-hirugarrenak garela dirudi. Badirudi ez dugula ezer ondo egin, besteek bikain jokatzen dutela eta guk oso gaizki eta puntuak oparitu egin dizkigutela. Badirudi beti sailkapeneko bost onenen artean egotera ohitutako klub batean gaudela. Neu izan naiz taldearen jokoarekin kritikoena, baina nahikoa da. Egoera bikainean gaude, 26 punturekin gaude, gehiagorekin amai dezakegu lehen itzulia eta pozik egon behar dugu», esan zuen atzo gorritxoen prestatzaileak.

Puñal, Raul Garcia eta Cejudo

Valentziaren aurkako partidak Racingen aurkakoarekin ez duela zerikusirik izango esan zuen Mendilibarrek, eta erronka zaila izanagatik, irabazteko itxaropena dauka entrenatzaile bizkaitarrak. Eta horretarako aldaketa bat baino gehiago egingo du hasierako hamaikakoan. Racingen aurka partida bateko zigorra bete ostean, Patxi Puñal kapitaina hasieratik ariko da, David Timorren kaltean. Uhartekoaren eta Nekunamenaurretik Raul Garcia jar dezake Mendilibarrek zelaian, bestalde. Abenduaz geroztik kili-kolo ibili ostean, Zizurreko jokalariak Racingen aurkako partidako azken minutuak jokatu zituen, eta aspaldiko partez hasieratik ari daiteke gaur, besteak beste Ibrahima Balde min hartuta dagoelako. Eta eskuin hegalean ere aldaketa espero da. Azken partidan Xavi Annunziata jarri zuen hasieratik Mendilibarrek, baina kanariarrak ez zuen baliatu aukera, eta badirudi Alvaro Cejudok ordezkoen aulkira bidaliko duela Annunziata.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.