Azken postuak gertuago ditu Arratek, Cuencaren aurka galdu ondoren

Eibarko taldea pattal aritu da erasoan zein defentsan, eta Cuencak ondo baliatu du 23-27 irabazteko

Erredakzioa
Donostia
2009ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Arratek ondo hasi zuen Asobal liga. Espero baino hobeto, lehen bost partidak jokatuta, bosgarren baitzen sailkapenean. Ordutik, baina, hiru partida jokatu dituzte eibartarrek eta jokoan zeuden sei puntuetatik bakarra lortu dute, Alcobendasekin berdindu ondoren eskuratutakoa. Atzo ere ez zuten bat bera ere pilatu, Cuencaren aurka galdu baitzuten Ipuruan (23-27). Horrek, noski, izan du eraginik sailkapenean, azken postuak gero eta gertuago baitituzte. Une hauetan, eta Antequerak atzo irabazi ondoren, Arratek puntu bakarrera du jaitsiera.

Cuencak merezita irabazi zuen atzo Ipuruan, Espainiako taldea izan baitzen garaipena lortzeko meritu gehien egin zituena. Arrate, aldiz, pattal aritu zen, bai erasoan, bai defentsan. Hala ere, partidako minutu askotan eutsi egin zien bisitarien jokoari. Azken minutuetan, baina, hustu egin ziren, eta Cuencak ederki baliatu zuen alde erabakigarria lortu eta garaipena ziurtatzeko.

Gaur, San Antonio-Valladolid

San Antoniok, berriz, gaur jokatuko du. Eta ez du ez aurkari samurra izango, Valladolid hartuko baitu (18:30). Nafarrek eta espainiarrek partida oso parekatuak jokatu izan dituzte azken urteetan, baina, egun, San Antonio baino koska bat gorago dago Valladolid. Sailkapena ikusi besterik ez dago: laugarren da Espainiako taldea (11 puntu), eta hamargarren San Antonio (sei puntu).

Aurkariaren maila nahiko oztopo izango ez balitz, Chechu Villaldeak hutsune garrantzitsuak izango ditu: Mariusz Jurkiewicz, Santi Urdiales eta Jon Belaustegi. Azken horrek min hartu du belaunean, eta litekeena da denbora luzez min hartuta egotea. Partidak, halaber, izango du beste arreta-gunerik, Tomas Svensson Iruñera itzuliko baita. San Antonioko atezain ohiak minduta utzi zuen taldea udan, klubak kontratua berrituko ziola agindu baitzion, eta gero ez baitzuen hitza bete.

ABF ligan, bestalde, Akaba Bera Berak Gijon hartuko du Bidebietan (19:00). Donostiako taldeak ez luke arazorik izan behar irabazteko, Gijon azken aurrena baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.