Aimar Olaizolak zail izango du gaur argitzea lau t'erdiko finala abenduaren 4an jokatuko duen ala ez. Pilotariak proba egingo du goizean Bilboko Bizkaia pilotalekuan, baina ez du uste behin betiko ondoriorik atera ahal izango duenik. «Zerbait ziurtatzeko moduan banago, esango dut; ez dut gehiago nahita atzeratuko, baina nik uste hurrengo asteleheneko edo astearteko proban emango dudala baiezkoa edo ezezkoa».
Gaurko proba iragan asteazkenekoa baino gogorragoa izango da, baina pilotariak ez du uste erabat behartu ahal izango duenik. «Minaren eta sentsazioen arabera izango da. Dena den, ez nuke gehiegi behartu nahi eta gero min handiagoa izan. Oraindik zortzi egun falta dira finalerako».
Olaizola baikor dago, eta berak argi du abenduaren 4an jokatu nahiko lukeela. «Hori lortzeko ari naiz lanean». Behin baino gehiagotan esan du, garbi utzi nahi baitu ez dabilela luzamendutan. Epeena da arazoa, ordea. Hori bai: pilotariak ez du polemikarik aurreratu nahi. «Proba egingo dut, eta nere burua jokatzeko moduan ikusten badut, jokatu egingo du. Eta ezin badut, ikusiko dugu».
Arautegiaren arabera, ezinezkoa da atzerapen gehiago eskatzea, baina Olaizola II.ak ekainean Xalaren zain jasandako itxaronaldi luzean ondo ikasi zuen pilota profesionalean dena dela malgua. «Nik beti esan izan dut behar bezainbeste itxarongo nuela aurkaria senda zedin. Orain niri itxaron beharko lidakete. Ezin dela atzeratu diote, baina beste batzuetan ikusi da zer gertatu den. Halere, ezin dut horretan pentsatu; nik 4an jokatu nahi dut».
Konponbide bila, titareak probatu ditu. «Mina da arazoa. Hatza hautsia dut. Titareena babesa da, baina minak hor dirau». Azken egunetan hatzak asko egin dio hobera, eta bilakaera horretan datza pilotariaren itxaropena.
Enpresak, ziur
Olaizolak dudak ditu, baina enpresek ez. EPELeko ordezkariak atzo «ziur» zeuden finala 4an jokatuko dela. Egutegia estu-estu dago, eta ez dago atzerapen gehiagorako betarik. Ordezkoak joka dezan ez dute baztertzen, baina ziurtzat jotzen dute Olaizolak baiezkoa emango duela. Bestela, 2011ko hirugarren finalean ere iskanbila egongo da.
Azken probaren zain
Olaizola II.ak proba serioagoa egingo du gaur, baina ez du uste erabakirik hartu ahal izango duenik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu