Zaila da 32 urteko profesional ibilbidea ordubetean hizketan laburtzea; edo hiruzpalau orritan idatziz; ikus-entzunezko batean guztia kontatzea ere ez da erraza. Felix Espillak, baina, ezin hobeto laburtu eta islatu zuen atzo tanto batean 32 urtean bizi izan duena. Bere azken partidako azken tantoan, gainera. Pilota goitik behera txaparen gainean moztu, eta sekulako tantoa lortu zuen; entzun ziren txalo zaparradak lekuko. Maila handikoa, dudarik gabe. Eta horixe izan da Felix, hain justu, urte hauetan guztietan: maila handiko pilotaria. Horregatik, zesta puntak historiako ikur bati esan zion agur Markinako pilotalekuan.
Hainbeste urte galtza zuriak jantzita eman ondoren, inor gutxi ibiliko da kantxetan Felixek adina esperientzia duenik. Eta esperientziak urduritasunari eusten diola jakina da. Beraz, 48 urterekin apenas jakin beharko lukeen zer den hori; kantxa gainean, behinik behin. Baina atzokoa berezia zen, oso berezia, eta Berriatuko atzelaria urduri zegoen, aurpegian nabari zitzaion. Aurpegian, eta partida hasieran ere bai. Onena eman ezinda aritu zen erdira arte; baina, hala ere, irabazi egin zuen (35-23).
Aimar ilobarekin jokatu zuen Lander-Arriolaren aurka, eta norgehiagokari falta izan zitzaion distira berehala hartu zuten Felixen begiek. Izan ere, amaieran omenaldi beroa egin zioten, eta malkoren bat edo beste isuri zuen protagonistak. Hainbat opari jaso zituen —udalaren zein Ipar Kutxaren plaka bana, familiaren lore sortak...—, haren profesional ibilbidea kontatzen zuen hamazazpi minutuko bideoa ipini zuten, eta pilotaleku guztiak zutik agurtu zuen. Beraz, hunkitzeko arrazoi ugari.
Baina benetan bihotzera heldu zitzaiona bat eta bakarra izan zen: familia kantxara irten zen unea. Gurasoak eta hiru alabak gerturatu zitzaizkion —emaztea urduri jartzen delako harmailetan geratu zen—, eta lore sorta oparitzeaz gain, besarkadarik ere ez zen falta izan. Felixek luzaroan izango du gogoan momentu hori: «Izugarri hunkitu naiz. Asko eskertzen diet nigatik egin dutena, eta orain denbora gehiago eskaintzea espero dut. Lagunak ere ez ditut ahaztu nahi», esan zuen ekitaldiaren amaieran.
Bideoa ipini zuten momentua ere ez zen gutxiagorako izan, eta pilotalekuak zinema areto baten itxura hartu zuen ordu laurdenez. 32 urte luze hauetan lagun izan dituen hainbat kidek hitz egin zuten, eta guztiek euren esker ona adierazi zieten. Filipinetatik eta Floridatik ere hitz egin zuten bertan zesta puntan ari diren hainbat pilotarik.
Familiak ez ezik, jendeak ere asko maite du Felix, eta hori nabarmen geratu zen atzo. Hainbat animo oihu entzun zituen, eta berak ere harriturik geratu zela aitortu zuen: «Egia da. Asko maite naute, eta izugarri estimatzen diet. Hala ere, apur bat harritzen nau. Ni saiatu naiz gauzak ongi egiten, beti eman izan dut daukadan guztia, eta hori jendeak ikusi egiten du. Horregatik izango da».
Saiatua, langilea eta umila
Atzoko partidan ere kirolari onaren demostrazioa eman zuen Felixek. Harengan ohikoa izan den moduan, asko saiatu zen, pazientziarekin jokatu zuen, eta pilota bakar bat ere ez zuen utzi galdutzat emanda. Hain zuzen ere, ahalegin horrek eman zion garaipena. Ez da kasualitatea adin horrekin onenen artean aritzea, kolpeak eta freskotasunak ere alde egiten baitu. Beraz, beste dohain batzuk erabili behar dira, eta Felixek ederki asmatu du horretan. Saiatuaren saiatuz iritsi da hain urrun.
Bikoteentzat ere atzelari aparta izan da Felix, beti egon baita laguntzeko prest. Gizon umila da, eta puntista ona izateko lehenik hala izan behar dela gogorarazi zuen: «Partidak irabazteko lehenik galtzen jakin beharra dago, niri hala egokitu zait. Umila izan behar da, eta lana gogotik egin». Bideoan eta pilotalekuan entzun ziren adierazpenetan ez du inork bestelakorik uste Felixengandik.
Momentu gehienak pozez eta hunkituta bizi izan zituen Felixek, baina esan zuenez, partida ona ez irtenaren pena txiki bat ere bazuen barruan: «Norgehiagoka ez da ona izan, bukaeran hasieran baino hobea, eta pena apur batekin geratu naiz. Baina tira, garrantzitsuena ospakizuna zen, eta horrekin geldituko naiz». Halaxe da. Pilotalekura bildu zen jendea gehiago joan zen Felix agurtzera neurketa ikustera baino. Azken tantoarekin, hala ere, «oso gustura» geratu zela aitortu zuen Berriatuakoak.
Entrenatzen jarraituko duen arren, zesta puntak historiako atzelaririk onenetako bat agurtu zuen atzo, ezbairik gabe, Ricardo Alberdi puntistaren esanetan «historiako onena». Norgehiagokak ikustera joango da oraindik ere Felix pilotalekuetara, baina kantxan bere falta sumatuko da. Kostako da halako beste bat ateratzen.
Azken tantoa, 32 urte oparoren ispilu
Felix Espillak partida ona jokatuta esan dio agur zesta puntari Markinako pilotalekuan: 35-23 nagusitu da Aimar ilobarekin Lander-Arriolaren aurka, eta amaieran omenaldi beroa jaso du herritar guztien txaloekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu