Azken txanpan, eta estu

San Miguel ligako azken-aurreneko postutik ihes egiteko lehia estua dago: hiru puntuan daude Zumaia, Pedreña eta Astillero. Hona hiru taldeetako entrenatzaileen iritzia.

Zumaiako trainerua arraunean, San Miguel ligako lehenengo estropadan, Zierbenako Petronor banderan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
San Miguel ligako garaileak koroa jantziko du, irabazlearen ikur gisa. Baina talde denak ez daude lehiaketa irabazteko borrokan. Horrek ez du esan nahi beste lehiak ez direnik irabazlea finka- tzekoa bezain garrantzitsuak, talde bakoitzak bere helburuak dauzkalako, eta denak ez direlako asmo berak. Galdetu, bestela, Zumaian, Pedreñan eta Astilleron. Azken-aurreko lekuari ihes egin nahi diote, hor bukatzen duenak jaitsierako kanporaketa jokatu beharko duelako ligako azkeneko bi estropadetan.

Hiru taldeak hiru punturen tartean daude, eta sei estropada falta dira. Hiruretako entrenatzaileekin hitz egin du BERRIAk, eta talde bakoitzean egoera hau nola bizi- tzen ari diren azaldu dute. Asko daukate jokoan hurrengo hiru asteburuetan.

Gaur-gaurkoz, aukera gutxien Zumaiak du, bera delako azken-aurrekoa eta puntuek hala adierazten dutelako, baina hirura baino ez dauzka Pedreña eta Astillero. Bi horiek lehia horretan egotea ezustea da askorentzat, baina hor daude, eta egoera barneratzeko lana egin behar izan dute lehendabizi. Zumaiarrak lasaiago daude alde horretatik, hasieratik zutelako garbi non ibiliko ziren. Zirraragarria izango da azken-aurreko leku madarikatutik ihes egiteko lehia hurrengo sei estropadetan. Hirutik bik jantziko dute beren koroa berezia, kanporaketari ihes egin izana ospatzeko.

XANTI ZABALETA (Zumaia)

«Lan zaila izango dugu»

«Denboraldiaren hasieran, gure helburua zen azkena ez izatea. Hamabigarrena atzean utzi nahi genuen, eta gero gerokoak. Hori gauzatu dugu. Orain dela bi aste, azken-aurreko lekua guretzat zela ematen zuen, baina asko gerturatu gara aurrekoengana. Borroka egingo dugu goikoak harrapatzeko, baina ez da ezinbestean bete beharreko helburua, asmoa baizik. Lan zaila izango da, baina saiatuko gara. Sei estropada falta dira, eta azkenekoak kezkatzen nau, Portugaletekoak. Ez dakit mareak nola egokituko diren, baina pena da kirolean halako lekuek erabakitzea hain lehia garrantzitsua. Aurkarien artean, ez nau inork beste batek baino gehiago kezkatzen. Gu behetik gora goaz, gure lana ondo egitera aterako gara, eta gero ea non jartzen gaituen lan horrek: besteren bat aurreratu eta kanporaketa libratzen badugu, ondo; eta gu bagara azken-aurrekoak, kanporaketara joango gara».

M. MONTESERIN (Pedreña)

«Barneratu dugu non garen»

«Ez genuen espero gauden lekuan egotea, baina barneratu dugu, eta lasai gaude. Badakigu zergatik garen azken-hirugarrenak ligan, gauzak ondo egin ez ditugulako, eta orain, zulotik ateratzeko borroka egitea baino ez zaigu geratzen. Gure asmoa da lau edo bost estropada on egitea azkeneko sei hauetan, kanporaketa ez jokatzeko. Zorionez, sei estropada horiek leku fidagarrietan izango dira, Portugaletekoa izan ezik, azkenekoa. Egun horretara alde handiarekin iristea da gure asmoa. Aurkari guztiek kezka- tzen naute, baina oso garbi daukagu hau: guk gauzak ondo egiten baditugu, hutsik ez badugu egiten, erraz libratuko gara. Astillerok talde lehiakorra dauka, Zumaiak gazteen gogoa du, eta gainera, hazi egin da, azkeneko jardunaldietan gora egin duelako. Portugalete ere ez dabil urruti, eta Castro ere ez. Azken-aurreko lekutik sei puntura eta zortzira egon arren, ezin dira fidatu».

J. SALSAMENDI (Astillero)

«Une txarrena da guretzat»

«Egoera zaila da, arriskutsua, baina umiltasunez barneratu beharrekoa. Ez gaude harrituta non gauden ikusita. Gehiago esango dut: uste nuen lehenago sartuko ginela zuloan. Baina uztailean lan txukuna egin genuen, eta emaitza haiek itxaropentsu jarri gintuzten, egoera honetara ez heltzeko. Baina heldu gara, eta hauxe da guretzat unerik txarrena. Dena dela, tentuz lan egitea ona da, eta iaz Oriori gertatua jarri diet adibidetzat arraunlariei: bukaerara arte libre egon zen, baina azkenean bera joan zen behera, azkena izanda. Sei estropada hauetatik bost itsasoan dira, eta badago lana. Ondo moldatzen gara itsasoan, eta aurreko asteburuan, Espainiako txapelketan, biharkoa eta etzikoa izan ditugu buruan. Seigarren estropada, Portugaletekoa, nahiago dut buruan ez ibili; hobe ez pentsatzea horretan. Aurkarien artean, uste dut denok dugula nahikoa maila hortik ateratzeko, baina norbaiti egokituko zaio azken-aurreko leku hori. Zumaiak oso emaitza onak izan ditu azkeneko estropadetan, eta gauza bat du badu bere alde: emaitza txarrek ez diotela eragin; ondo barneratu ditu. Pedreñak kalitatea dauka; noizbehinka atera izan du, eta berriz ere atera dezake kalitate hori; baina, zumaiarrei ez bezala, emaitza txarrek kalte egin diote. Portugalete eta Castro ez dauzkat buruan; libre daude, nire ustez, borroka honetatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.