Azken txanpan da Suediako Europako Txapelketa. Lehen ligaxka eta lehen kanporaketak jokatu dira jadanik, eta txapelketa hasi zuten hamasei selekzioetatik erdiek bakarrik jarraitzen dute lehian. Eslovenia, Bosnia, Alemania, Letonia, Suedia, Ukraina, Turkia eta Kroaziako selekzioak bidean geratu dira, eta datorren urtean Atenasko Olinpiar Jokoetan izateko aukera galdu dute.
Aukeratuen hautaketak, hala ere, ez du etenik, txapelketako final-laurdenak gaur eta bihar jokatuko baitira: Frantzia-Errusia eta Lituania-Jugoslavia gaur; Espainia-Israel eta Grezia-Italia bihar.
Frantzia-Errusia: Txapelketako ezustea da Frantziako selekzioa. Alan Weiszek hautatzaileak talde bikaina osatu du, indar handikoa. NBAko lau jokalari daude taldean: Tony Parker, Tariq Abdul-Wahad, Jerome Moiso eta Boris Diaw-Riffiod. Lau horiei, Laurent Foirest Tau Baskoniako jokalari ohiaren eta Moustapha Sonko Unicajako jokalariaren kalitatea gehitu behar zaie. Nahasketa horrek emaitza bikainak eman dizkie frantziarrei, txapelketako hiru lehiak irabazi baitituzte: 98-76 Bosniari, 85-52 Italiari eta 88-82 Esloveniari. Errusiako selekzioak, aldiz, bikain hasi zuen txapelketa, Jugoslaviari 95-80 irabazita. Bigarren partidan, hala ere, ez zuen estreinako partidako maila errepikatu eta 89-77 galdu zuen Espainiarekin. Suediaren aurkako partida erraza jokatu ostean, 92-71 irabazi zuen; Errusiak ederki sufritu zuen atzo, Kroaziari 81-77 irabazi eta final-laurdenetarako sailkatzeko.
Lituania-Jugoslavia: Lituaniak nahiko eskas hasi zuen txapelketa, Letonia auzoari irabazteko hamaika arazo izan baitzituen. Antanas Sireikasen taldeak 92-91 irabazi zuen luzapen bat jokatu ondoren. Baina hurrengo partidetan Lituaniak nabarmen egin zuen gora, eta Israeli eta Alemaniari nagusitasun osoz irabazi ondoren, 94-62 eta 93-71 hurrenez hurren, multzoko lehena izan zen. Jugoslavia, aldiz, maila oso eskasa ematen ari da. Lehen partidan Errusiaren aurka galdu zuen, nabarmen gainera. Bigarrenean, uste baino arazo gehiago izan zituen etxeko talde pattalari irabazteko, 78-68. Multzoko azken partidan, aldiz, kale egin zuen berriro, minutu askotan aurretik egon ostean, Espainiak azken txanpan irabazi baitzion: 75-67. Herenegun ere lanak izan zituen Turkiari 80-76 irabazi eta final-laurdenetan egoteko.
Espainia-Israel:Txapelketa hasi aurretiko aurreikuspenak betetzen ari da Espainiako selekzioa. Jokatu dituen hiru partidak irabazi ditu Moncho Lopezek entrenatzen duen taldeak: 99-52 Suediari, 89-77 Errusiari eta 78-68 Jugoslaviari. Partida guztietan maila bikaina eman du eta txapelketako joko onena egin du, Lituaniako eta Frantziako selekzioekin batera. Israel, aldiz, ezustekoan sartu da final-laurdenetan. Txapelketako lehen bi partidak galdu zituen, Alemaniaren eta Lituaniaren aurka, 86-81 eta 94-62, hurrenez hurren. Baina hirugarren partidan, Muli Katzurinen taldeak egoerari buelta eman zion eta joko oso serioa eginda Letoniari irabazi zion: 91-75. Herenegun, berriz, Israelek goia ukitu zuen, ordu arte irudi bikaina ematen ari zen Esloveniako talde gazteari gailendu baitzitzaion (78-76) eta final-laurdenetako txartela lortu baitzuen.
Grezia-Italia: Kinielek ziotena bete besterik ez du egin Greziako selekzioak. Iannis Ioannidisek talde bikaina ekarri zuen Suediara (Antonios Fotsis, Dimos Dikoudis, Fragiskos Alvertis, Efthimios Rentzias, Iakovos Tsakalidis...) eta aukeraketa horrek emaitza bikainak eman dizkio. Greziarrek ez dute joko oso ona egin orain arte, baina hutsune hori defentsako lan oso serioa eginda orekatu dute. Multzoan kontrario deserosoak izan arren, (Turkia, Kroazia eta Ukraina) Greziak aurrera atera zituen hiru partidak: 77-76 Kroaziari, 75-70 Turkiari eta 79-73 Ukrainari. Eta Italia? Betiko kontua. Txapelketako lehen bi partidak galdu zituen: Esloveniak 77-67 irabazi zion eta Frantziak 99-52 jipoitu zuen. Carlo Recalcatiren taldea etxerako bidean zegoen ia. Lehen ligaxkako azken partidan, Bosniaren aurka jokatu behar zuen Italiak. Drasko Prodanovicen taldeak ez zuen garaipena ezagutzen, Italiak bezala. Halere, Bosnia zen aurrera egiteko faboritoa, joko txukuna egiten ari baitzen. Usteak erdi ustel. Italiak txapelketetan bizirik jarraitzeko duen sen hori atera zuen berriz ere eta 80-72 irabazi zuen. Alemaniaren aurka herenegun jokatutako final-zortzirenetan kontu bera errepikatu zen, eta Italiak 86-84 irabazi zuen.
SASKIBALOIA
Azken txanpan
Europako Txapelketako final-laurdenak izango dira gaur eta bihar: Frantzia-Errusia, Lituania-Jugoslavia, Espainia-Israel eta Grezia-Italia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu