Txirrindularitza

Azken unean agertu da Matteo Trentin

24 txirrindulariko ihesaldia helmugaraino eramanda, Etixxeko italiarrak atzetik aurrera eginda irabazi du Giroko 18. etapa, azken hamar metroetan Gianluca Brambilla taldekideari eta Moreno Moserri (Cannondale) aurrea hartuta.

unai zubeldia
2016ko maiatzaren 26a
17:05
Entzun

Ihesaldia hamahiru minututik gorako aldearekin, eta tropela, tentsioz beteta, baina erasorik jo gabe. 244 kilometro zeuzkan Italiako Giroko 18. etapak, eta faboritoen artean ez da izan zalaparta handirik. Enrico Battaglinek (Jumbo) lan ederra egin du Steven Kruijswijk liderraren mesedetan, eta, Alejandro Valverderen (Movistar) azken uneko mugimendua gorabehera, ondo domatu dute faboritoen taldea. Aurretik, ordea, 24 txirrindulariko ihesaldia sortu da etapa hastearekin batera, eta hor bai, hor eraso festa handia izan da.

Azken hogei kilometroetan zeukan gogortasuna etapak, eta Gianluca Brambilla (Etixx) eta Moreno Moser (Cannondale) joan dira aurrera. Laukotea osatu da euren atzetik, eta azken-azken unean iritsi da aurrera Matteo Trentin (Etixx). Taldekidea gerturatzen ari zela ikusita, Moserren gurpilean jarri da Brambilla, eta Trentinek azken zuzengunean hartu die aurrea biei.

Pinerolon hasi eta Risoulen amaitu, 162 kilometro dauzka biharko etapak, 19.ak. Agnello Cima Coppi igoko dute lehenengo (2.744 metro), eta Risoul lehen mailako mendatean amaituko da gero etapa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.