Osasuna

Azken unean berdinduta, mailari eutsi dio Osasunak

Osasuna 2-0 atzetik jarri da lehen zatian, baina bigarren zatian berdintzea lortu du (2-2). Berdintzeko gola Javier Flañok sartu du 90. minutuan.

Osasunako jokalariak, mailari eutsi izana ospatzen. @LALIGA
Arnaitz Lasarte.
2015eko ekainaren 8a
13:35
Entzun

Negar malkotan. Horrela bukatu dute Sabadellen aurkako lehia Osasunako jokalariek eta zaleek. Eta ez da gutxiagorako, gorritxoek izugarri sufritu baitute helburua betetzeko. Racingek ez du huts egin Albaceteren aurka (0-1)  eta Osasuna puntu bat lortzera behartu du datorren urtean ere Bigarren Mailan jokatzeko. 90. minutuan sartu du berdintzeko gola Javier Flañok, korner batean. 2-2 izan da azken emaitza. Jokalariak eta entrenatzaile taldea zoratzen, eta are gehiago Sabadellera (Herrialde Katalanak) joandako 2.000 zale inguru. Okerrena pentsatzen hasita zeudenean, argia ikusi dute.

Izan ere, Osasunari beltz jarri zaio partida lehen minutuetan. 17. minuturako 2-0 galtzen zihoan. Atzealdean bigun aritu dira nafarrak eta Collantesek (5. min.) eta Anibalek (17.min.) sartu dituzte golak. Racingek ere lehen zatian sartu du bere gola Albaceten, eta gorritxoek behin behinean Bigarren B Mailan egin dituzte minutu asko.

2-0, eta ordubete aurretik, bi gol sartzeko. Baloiaren jabetza Osasunarena izan da uneoro, eta aukera bat edo beste ere izan dute. Garbienak, Mikel Merino harrobiko jokalariak, 60. eta 65. minutuan. Sabadelleko atezainak, ordea, ederki erantzun die bi jaurtiketei. Saria 76. minutuan iritsi da. Korner jaurtiketa bat David Garcia atzelariak dotore errematatu du.

Ordu laurdenaren faltan Osasunak gol bat behar zuen Bigarren Mailan jarraitzeko. Horren jakitun, aurrera egin dute gorritxoek. Ondorioz, atzealdean zuloak utzi dituzte eta Sabadellek aukera ederrak izan ditu hirugarrena sartzeko. Orduan azaldu da Asier Riesgo atezaina. Osasunako zaleek luzaroan gogoratuko dituzten bi geldiketa egin ditu Riesgok. Azkena, 88. minutuan. Hatz puntekin ukitu du jaurtiketa indartsu bat eta zutoinera joan da baloia.

Hurrengo jokaldian sartu du berdinketaren gola Javier Flañok. Kornerrez hura ere. Hil ala biziko lehia zen Osasunakoentzat, eta igarri da golaren ospakizunean. Aulkian zeudenak ez ezik, zelaira sartu dira zale asko. Denboraldi gogorra izan dute Iruñean eta aho zapore gozoarekin amaitu dute denboraldia. Asko sufrituta, baina bete dute helburua.

Alavesek galdu egin du (3-2)

Alavesek ere gaur bukatu du denboraldia, Las Palmasen zelaian. Gasteiztarrek ez zuten ezer jokoan eta 3-2 galdu dute. Julik eta Despotovicek egin dituzte Alavesen golak.

Bestalde, Betisekin batera Sportingek jokatuko du Lehen Mailan datorren urtean. Mailaz igotzeko kanporaketak Gironak, Valladolidek, Las Palmasek eta Zaragozak jokatuko dute. Bigarren B mailara jaitsiko dira, berriz, Racing, Sabadell, Recreativo eta Bartzelona B.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.