Horixe da atzetik aurrerako jokoa egitea; makal hasi eta finala esprintean irabaztea. Magnus Carlsen norvegiarrak patal ekin zion Grand Slam-aren lehen zatiari, Sao Paulon (Brasil), eta patal bigarren zatiari ere, Bilbon. Baina egoera zuzendu eta txapelketa irabazteko gai izan zen azkenean, finalean Vassili Ivantxuk ukrainarra bigarren partida azkarrean menderatuta. Irailak 25etik urriaren 11ra jokatu berri da aurtengo Grand Slam-a, Sao Paulon eta Bilbon. Carlsen, Ivantxuk, Viswanathan Anand, Levon Aronian, Hikaru Nakamura eta Francisco Vallejo zeuden sailkatuta.
Nazioarteko Federazioaren sailkapena kontuan hartuta, Carlsen bera zen faborito argia. Hala ere, Anandek —munduko bigarrena— iazko Grand Slam-eko jokaera etsigarriari buelta emango zion itxaropena ere bazegoen. Aronian, Ivantxuk eta Nakamura dira munduko hirugarrena, zazpigarrena eta hamabigarrena. Vallejorengandik, berriz, ez zen gauza askorik espero, munduko 28.a delako menorcarra.
Ivantxukek goia jo zuen Sao Paulon; 42 urte eduki arren, jokalari gazte baten etorriarekin jokatu zuen. Vallejo, Anand eta Aronian menderatu zituen Brasilen, lehen txandan Nakamurarekin berdindu ostean. Hala ere, Sao Pauloko azken txandan Carlsenek irabazi egin zion eta hortxe apurtu zen Ivantxuken ibilbide polita, behin-behinean lehen postuari eutsi arren. Sao Pauloko egonaldia ez zen ondo bukatu Ivantxukentzat, ez taula gainean, ez taulatik kanpo. Izan ere, hoteletik irteterakoan, aireportura bidean, pistolaz lapurtu zieten emazteari eta biei.
Carlsen ere ez zen oso pozik iritsi Bilbora. Nahiz eta defentsa frantziar batekin bosgarren txandan Ivantxuk gainditu, norvegiarrak hiru berdinketa eta porrot bat pilatu zituen aurretik, torneoko jokalaririk ahulenaren aurka. Gorabehera horretan, ikusmin handia zegoen Bilbon. Lehen txandan Ivantxukek ondo gainditu zuen Nakamura —beste bi partidak berdinduta bukatu ziren—, baina bigarren txandan huts egin zuen, jokalaririk ahulenaren aurka galduta. Beste bi partidetako berdinketei esker, lehen postua, artean, ez zegoen arriskuan.
Nakamuraren huts larria
Bederatzigarren txandan Carlsenek ideia berri bat ipini zuen martxan Ivantxuken defentsa nimzoindiarrari aurre egiteko, eta ukrainarrak ez zuen irtenbiderik topatu. Berdinduta zeuden biak. Nakamurak ere izan zuen aukera euren parera iristeko, baina akats ulertezin batengatik galdu zuen Vallejoren aurka. Ivantxuk edo Carlsen. Bien artean zegoen txapelduna. Berdinketan amaitu zen lehen partida bizkorra, baina bigarrenean maisutasunez irabazi zuen Carlsenek. Atzetik aurrera eginda, azken momentuan eskuratu zuen torneoa Carlsenek.
Azken unean, esprintean
Magnus Carlsen izan berri da onena Bilboko 'Grand Slam'-ean, finalean Vassily Ivantxuk menderatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu