Alavesek Ia lortu zuen ondo merezitako puntua. Aurten bikain ari da Atletico Madril, Espainiako Ligako liderra, baina atzo izerdi franko atera behar izan zuten Mendizorrotzatik hiru puntuak eramateko. 60. minutuan epaileak Laguardia kaleratu zuenean neurketa aldapan gora jarri zitzaien gasteiztarrei, eta berdintzea lortu zuten arren, azken unean sartu zuen Luis Suarezek madrildarren gola.
Lehen zatian neurketa serioa egin zuten bi taldeek, aurkariari aukera gutxi emanez, baina kontraeraso batean aurrea hartu zuen Atleticok, zorte apur batekin. Jokaldi ona egin zuen Marcos Llorentek, eta area kanpotik egin zuen erremateak sarean bukatu zuen Laguardiari jo ostean. Ezin izan zuen ezer egin Pachecok.
Gauzak zail jarri zizkion Alavesek Atleticori, baina ez zuen ia gol aukerarik sortu Pablo Machinen taldeak. 60. minutuan, ordea, neurketa aldatu zuen jokaldia gertatu zen. Laguardiak sarrera gogorra egin zion Lemarri, eta epaileak hasieran txartel horia atera zion arren, VAR-ean begiratu ostean, kaleratu egin zuen Alaveseko jokalaria.
Hortik aurrera, zabaldu egin zen neurketa. Madrildarrak bigarren gola sartzeko saiakerei ekin zieten. Pachecok pare bat geldiketa on egin zituen, eta gero iritsi zen Alavesen oldarraldia. Abisua Lejeunek eman zuen, zutoinean jo zuen burukada batekin, eta gutxi geroago heldu zen gola, 83. minutuan. Joseluk zuzendu zuen kontraerasoa, eta haren erdiraketa gol bilakatu zuten Lucas Perezen eta Monteiroren artean.
90. minutuan, ordea, Joao Felixen erdiraketa bikain bat bultza soilik egin behar izan zuen Luis Suarezek, ta han amaitu ziren babazorroen amets guztiak. Madrilera egin zuten hegan hiru puntuek.
Alaves: Pacheco; Agirregabiria, Laguardia, Lejeune, Javi Lopez (Adrian Marin, 87. min); Battaglia, Manu Garcia (Luis Rioja, 67. min), Peleteiro, Borja Sainz (Alberto Rodriguez, 67. min), Edgar Mendez (Joselu, 74. min); eta Deyverson (Lucas Perez, 74. min).
Atletico Madril: Oblak; Gimenez, Monteiro (Renan Lodi, 86. min), Hermoso; Koke, Llorente, Lemar, Vrsaljko, Carrasco (Saul, 81. min); Correa (Joao Felix, 61. min) eta Luis Suarez.