Lau t'erdiko txapelketa

Azken unean, Saralegi irabazle

21-22 gailendu zaio amezketarra Xalari, Eibarren.

Saralegi eta Xalaren arteko partida, Eibarren. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
2014ko azaroaren 2a
19:40
Entzun

Eroso hasi du partida Ekaitz Saralegik. 1-7 jarri da aurretik markagailuan, eta Xalak aldea murriztea lortu badu ere (3-9, 7-10), amezketarrak maila onari eutsi dio, eta aurkaria baino gehiago izan da. Partidaren bigarren erdian, baina, Xalak gehiago asmatu du (9-17, 13-19), eta lehiaren hondarrean berdinketa iritsi da: 21-21. Azken tantoa, Saralegirentzat.

Horrela, urrats handia egin du Saralegik finalerdietara sailkatzeko. Irujoren aurka du hurrengo partida, eta erabakigarria izango da bi pilotarientzat. Ligaxkako final-laurdenetako bigarren multzoan, Saralegik orain arteko bi partidak irabazi ditu, Xalak eta Irujok bana, eta bat ere ez Retegi Bik.

Lehen multzoko sailkapena

Final-laurdenetako ligaxkako lehen multzoan, jokatutako bi partidetatik biak irabazi ditu Olaetxeak; bana Olaizola II.ak eta Bengoetxea VI.ak; eta Ezkurdiak ez du garaipenik bildu. Larunbatean maila ona emanda irabazi zion Bengoetxea VI.ak Ezkurdiari, eta finalerdietarako aukerarik gabe utzi zuen.

Olaetxeak Bengoetxeari hamasei tanto egin behar dizkio hurrengo astean finalerdietan sartzeko, betiere Olaizola II.ak Ezkurdiari irabazten badio. Bengoetxea, berriz, irabaztera behartuta dago, ahal bada aurkariak hamasei tanto egin gabe, Olaizolaren emaitzaren menpe ez egoteko. Olaizolak, azkenik, Ezkurdiaren aurka irabazi behar du, eta beste partidaren zain egon. Bengoetxeak irabazi eta Olaetxeak hamasei baino gehiago egiten baditu, kanpoan gelditu daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.