Taldearen lan aparta nahikoa ez, eta Mark Cavendishek (Sky) azken uneko erorikoa ere alde izan zuen atzo, Tirreno-Adriatikoko bigarren etapan. Helmugara iristeko bi kilometro falta zirenean erorketa handi samarra izan zen tropelean, eta bitan zatita geratu zen lasterketa. Kokapen onari esker, aurreko taldetxoan zen Man uharteko esprinterra. Eta ez zuen huts egin. Oscar Freire espainiarra (Katuxa) sailkatu zen bigarren, eta Tyler Farrar estatubatuarra (Garmin) hirugarren.
Esprinterrentzat ibilbide aproposa dauka Tirreno-Adriatikoak, eta munduko txapeldunak atzo argi utzi zuen talderik onena berea izateaz gain hanka zuztar indartsuenak ere bereak direla momentu honetan. 230 kilometro zeuzkan atzoko etapak, San Vincenzo eta Indicatore artekoak, eta sei ordu eta erdiko ahaleginaren ondoren, pedal kolpe indartsuarekin iritsi zen britainiarra azken esprintera.
Stefano Pirazzi (Colnago) eta Diego Caccia (Farnese) etapa hastearekin batera joan ziren ihesean, eta sei minututik gorako aldea ere izan zuten. Baina Greenedgek eta Skyk nahi izan zuten bezala kontrolatu zuten ihesaldia, eta helmugara iristeko 29 kilometro falta zirenean harrapatu zuten bikotea. Erorikoak eraginda, azkenerako ez zen esprint txukunegia izan, baina Cavendish aurkariak baino pixka bat hobeto dago jada. Eta martxoa hasi besterik ez da egin oraindik. Indicatore eta Terni artean jokatuko da hirugarren etapa.
Azken uneko erorikoa ere alde izan du Mark Cavendishek Tirrenon
Skyk ondo kontrolatu du Tirreno-Adriatikoko bigarren etapa, eta britainiarrak aise irabazi du esprint azkarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu