SASKIBALOIA. ACB LIGA

Azken urteetako irekiena

Gaur hasiko da ACB Liga; ez dago faborito argirik, eta bospasei talde dira garaikurra altxatzeko hautagaiak

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da ACB Liga, Europako Liga indartsuena eta munduko bigarrena, NBAren atzetik. Lehia bizia espero da berriro. Hala izateko osagaiak, behintzat, badaude. Talde guztiek asko eta ondo fitxatu dute uda partean. Azken denboraldietan ez bezala, ez dago faborito argirik, bospasei hautagai baizik: Bartzelona,Real Madril, Tau Baskonia, Pamesa Valentzia, Unicaja eta Estudiantes. Zazpi hilabeteko Ligak, eta bereziki, azken kanporaketek zehaztuko dute nork hartzen duen Kataluniako taldearen lekukoa, txapelduna azken bi denboraldietan.

Bartzelonak aulkian egin du aldaketa nagusia. Svetislav Pesicek taldea utzi du, Valero Rivera klubeko sailen zuzendariarekin tirabira izan ondoren. Joan Montes etxeko entrenatzaileak ordezkatuko du serbiarra, helburu zailarekin: gutxienez, Pesicek eginiko lana berdindu. Kataluniarrek harrobitik egin dute tira taldea indartzeko: Jordi Trias eta Marc Gasol. Taldea utzi dutenak, aldiz, hiru dira: Varejao, Rodriguez eta Femerling. Hala, Bodirogaren eta Navarroren lana inoiz baino funtsezkoagoa izango da.Real Madrilek, berriz, iraultza egin du, eta erabat aldatu du taldea. Izen handiko entrenatzaile bat fitxatzea izan da lehen pausoa: Bozidar Maljkovic serbiarra, lau aldiz Europako txapeldun. Apustua ez da aulkira mugatu, lehen mailako jokalariak ere fitxatu baitituzte madrildarrek: Sonko, Bullock, Reyes, besteak beste.

Pamesa, Unicaja eta Estudiantes ere hautagaien artean daude, lehen biak batez ere. Valentziarrek ondo indartu dute taldea: Rakocevic, Archibald, Okulaja eta Yebra. Unicaja ere ez da atzean geratu. Jokalari garrantzitsuak galdu ditu (Sonko eta Bullock), baina ordezko bikainak fitxatu ditu: Garbajosa, Sanchez, Bremer eta Tabak. Estudiantesek, berriz, ikurra galdu du: Reyes. Madrilgo taldea, hala ere, ohituta dago izarrak galtzen (Antunez, Herreros...), eta beti eman du maila txukuna.

Tauk eta Bilbao Basketek helburu oso bestelakoak

Aspaldiko partez hamahiru urte luze, bi euskal talde ariko dira ACB Ligan: Tau Baskonia eta Lagun Aro Bilbao Basket. Helburu oso bestelakoak izango dituzte: Gasteizko taldeak Liga irabazi eta Bilbokoak mailari eutsi. Dusko Ivanovicen taldeak Nocioni galdu du, hutsune garrantzitsua. Travis Hansen ekarri du haren hutsunea estaltzeko. Estatubatuarrak ez du lan erraza izango, jokalari argentinarrak maila bikaina eman baitzuen Gasteizen jokatu zuen denboraldietan. Hansen ez da bakarrik ariko, Roberto Gabini argentinarraren laguntza izango baitu.

Bilbao Basketek, berriz, fitxaketa mordoa egin ditu beste urte batez maila nagusian segitzeko: Roberto Nuñez, Richard Scott, Fredric Weiss, German Gabriel, Cesar Sanmartin, Andrea Camata, Pedro Rodriguez eta Predag Savovic. Azken bi hauek, halere, ezingo dute jokatu derbia bihar, min hartuta baitaude. Serbiarra ordezkatzeko Brian Howard estatubatuarrari hilabeteko kontratua egin diote bilbotarrek.

-

MERKATUA



 

NBAren begiradapean





Jon rejado - gasteiz. AEBetako saskibaloian iraultza gertatzen ari da. Etxeko jokalariez gain, taldeak beste herrialdeetara mugitu dira jokalarien bila, eta ACB Liga horren lekuko da. Pau Gasol, Raul Lopez eta Andres Nocionik munduko saskibaloi liga indartsuenera egin dute jauzia, eta aurten egoera errepikatuko dela dirudi.ACBko hainbat jokalari NBAren begiradapean egon arren, Tau Baskonia kasurik adierazgarriena izan daiteke. Gasteizko taldearen eta munduko saskibaloi liga indartsuenaren artean harreman bitxia dago. Azken bi denboraldietan bien arteko harremanak etengabekoak izan dira, bi norabideetan. Joan den denboraldiko bost jokalari, Scola, Calderon, Nocioni, Macijauskas eta Splitter AEBera joateko zerrendan izan dira, NBAn jokatzeko zorian. Ezusterik ezean, datorren urtean mugimenduak izango dira.

Nocionirenarekin batera, azpimarragarriak dira Scola eta Calderonen kasuak, bien etorkizuna Europatik kanpo dagoela jakina baita. Scola urtez urte jauzia emateko zorian egon ondoren Olinpiar Jokoetan egindako lanak ateak behin betiko ireki dizkio. San Antonio Spursek, orain dela bi urte argentinarra draft-ean 56 postuak aukeratu zuen taldeak, datorren denboraldirako nahi du, Tim Duncanen ordezko bezala.

Calderonen kasua ere bitxia da. Bi urteko kontratua eskaini zioten udan, eta jokalariak eskaintza ukatu zuen. Egoera horrek argi uzten du Tauko jokalariek jauzia emanez gero behar bezala eman nahi dutela, minutuak jokatuko dituztela ziurtatuz.

Arvydas Macijauskasek ere saiakera bat egin zuen udan, eta talderik aurkitu ez arren, bere etorkizuna AEBetan dagoela jakina da. Tiago Splitter berak ere NBAra joateko aukera izan dezake etorkizun hurbilean, nahiz eta aurten zorterik izan ez duen .

-

Tau Baskoniaren aurkari nagusiak





Aro berri baten atarian?ACBko txapeldunak zalantzak argitu nahian hartzen du aurtengo denboraldia. Nacho Rodriguez, Femerling eta Varejaorekin batera Pesic entrenatzaileak berak utzi du taldea. Triasen fitxaketarekin talde indartsua mantentzen duen arren, kalitate handiko jokalariekin, aurreko denboraldiekin alderatuta indarra galdu dutela dirudi. Joan Montes entrenatzaile berriak taldeari eman diezaiokeen jarrera ikusteke dago oraindik.

Proiektu berria, oinarritikAzken denboraldi ilunak ahazteko proiektu berriari ekin dio klub zuriak, oinarritik hasiz. Maljkovicek hartuko du Lamasen tokia aulkian, lanaren aldeko apustu garrantzitsua eginez. Lerro guztiak indartu dituzte ere Bullock, Sonko eta Gelabalerekin joko gidaritzan eta kanpoko lerroan, eta Felipe Reyesekin saskipea. Talde oso indartsua egin du Real Madrilek aurten, azken denboraldietako bolada txarrarekin behingoz bukatzeko asmoarekin.

Birmoldaketa sakonaUdan gehien indartu den taldeetako bat da Malagakoa, zortzi jokalari berri egongo baitira Sergio Scarioloren aginduetara. Iragan denboraldiko bizkarrezurra galdu arren (Bullock, Sonko...), kalitate izugarriko jokalariak lortu ditu aurten txapela bat behintzat jantzi ahal izateko. Talde lanaren alde egingo du Malagako taldeak, Pepe Sanchez, Jorge Garbajosa eta Zan Tabak bezalako jokalariekin.

Zalantzaz beterik
Aldaketa asko izan ez arren, Pamesak zalantza asko argitu beharko ditu denboraldi hasieran. Lesioz betetako uda baten ondoren (Rigaudeauk denboraldi osoa galduko du), entrenatzaile aldaketa eta guzti, Valentziako taldeak ezohiko egoeran egingo dio aurre Ligari. Kalitatezko fitxaketak egin arren (Rakocevic), denboraldi-aurreko partiden emaitza ez da aurreko urteetakoa izan. Pablo Laso gasteiztarrak erronka zaila du aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.