Alba Menendez. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Azken urteetako ligarik gogorrena irabaz dezakegu»

Gaur iluntzean Zuazori Barakaldon irabaziz gero (21:00), Espainiako Liga irabaziko du Bera Berak. Etxekoek ez dute ezer jokoan, baina Menendez ez da fio. «Partida zaila izango da».

GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Zortzi denboraldi daramatza Super Amara Bera Beran Alba Menendez kapitainak (Zarautz, Gipuzkoa, 1991). Gaur irabaziz gero, bosgarren liga titulua eskuratuko luke. Eskarmentua izan arren, onartu du «luze» egiten direla halako neurketa bat jokatu aurreko egunak. Argi du zein izango den garaipena lortzeko gakoa:«Bizi atera behar dugu, baina pazientziaz jokatu: eraso bakoitza ondo landuz, eta defentsa bakoitza zorrotz zainduz».

Astea beste modu batera bizi duzue, halako lorpen bat jokoan izanda?

Astea luze egiten da, partida noiz iritsiko gogoz gaudelako. Baina ahalik eta normalen bizitzen saiatu gara. Partida ohi bezala prestatu dugu. Ez dugu pentsatu lehia erabakigarria denik, edo liga jokoan dugunik. Gogoz gaude, baina argi dugu lasai eta burua hotz jokatu behar dugula, presiorik gabe, eta guk dakigun moduan.

Egun hauetan egin duzuen lanean garrantzi handiagoa izan du arlo psikologikoak, fisikoak eta taktikoak baino?

Hilabete batzuk daramatzagu astean behin bi psikologorekin lanean, eta asko ikasi dugu. Lan horri esker, halako partiden inguruan izaten den presioa ondo kudeatzen ikasi dugu, eta arreta osoa lehian jartzen. Talde gaztea gara, baina badugu eskarmentua halako norgehiagokak jokatzen.

Derbiak lehiatuak eta bereziak direla kontuan hartuta, nahiago al zenuten aurkaria beste bat izatea?

Ez. Derbiak beti dira jokatzeko politak. Nahiago genuena zen azken partida etxean jokatzea. Baina ez da hala suertatu. Dena den, guk ez diogu erreparatu behar noren aurka jokatu behar dugun, baizik eta gure lana ondo egin. Haiek ez dute ezer jokoan, baina ziur nago gogoz egongo direla denboraldia derbia irabaziz amaitzeko.

Nolako partida espero duzu?

Zaila eta gogorra. Zuazo beti daaurkari deserosoa. Euskal Kopan irabazi egin ziguten, eta ez gara fio. Hasieratik oso adi eta indartsu atera behar dugu. Baina, aldi berean, pazientziaz jokatu behar dugu: eraso bakoitza ondo landuz, eta defentsa bakoitza zorrotz zainduz. Guk ezarri behar dugu partidaren erritmoa, eta kontraerasoa ondo baliatu.

Non dago haien arriskua?

Haien atezainak, Anak [Tempranok] oso ondo ezagutzen gaitu, eta espero dugu egun ona ez izatea. Bestalde, haien pibotak, Ainhoa Hernandezek, gol asko sartzen ditu, eta erasoan asko jotzen dute harekin. Ondo zaintzen badugu, asko izango dugu irabazia.

Hiru talde aritu zarete titulurako borrokan: Guardes, Ro'Casa eta zuek. Uste baino gogorragoa izan da liga?

Zaleentzat eta eskubaloiarentzat polita da lehia hori egotea. Baina jokalariontzat, azken urteetako ligarik gogorrena izaten ari da. Guk gorabehera asko izan ditugu. Sasoia ez genuen ondo hasi,Ro'Casaren aurka etxean galdu eta gero. Lehen postutik lau puntura jarri ginen, eta ematen zuen ezinezkoa zela liga irabaztea. Egoera irauli, eta orain gure esku dugu. Gorabehera horien ondorioz, liga luze egin da, baina bihartik aurrera hasiko gara pentsatzen oporrak hartu, eskubaloiaz ahaztu, eta datorren sasoian indartsu itzultzea.

Zergatik berdindu da hainbeste liga? Sasoi honetan liga irabazteak are meritu handiagoa dauka?

Sailkapen erdialdean dauden taldeek aurrerapauso bat eman dute: Mavi, Aula, Malaga... Horrekzaildu du liga. Dena den, uste dut liga guztiek dutela meritua, lan handia baitago horien atzean.

Aurreko sasoian, azken-azkenean egin zizueten ihes ligak eta Espainiako Kopak, eta sasoi honetan ezustean galdu zenuten Kopako finala. Arantza hori kentzeko gogoz egongo zarete, ezta?

Bera Bera beti egon da tituluengatik borrokan, eta badugu gogoa beste bat lortzeko.

Galduz gero, Guardesen emaitzaren zain egon beharko duzue. Granollersen aurka jokatu behar du. Nola ikusten duzu partida hori?

Granollers oso ondo ari da jokatzen, eta ziur nago estu hartuko duela Guardes. Baina ez dugu horri begira egon behar, guk irabazita liga gurea baita.

Beste sasoi baterako berritu duzu kontratua. Pozik zaude, ezta?

Bai, eta espero dut kluba ere hala egotea. Horrek lasaitasuna ematen dit, oporrak lasai eta kezkarik gabe hartzeko. Zarautzen eskubaloian jokatzen hasi nintzenean ez nuen sekula pentsatu Bera Beran jokatzeko aukera izango nuenik; are gutxiago zortzi sasoi egingo nituenik hemen.

Nola hartu duzue Montse Puchek ez segitzea?

Normal. Edozein taldetan izaten dira ziklo aldaketak, eta klubak erabaki du horretarako momentua. Gu horretan ez gara sartzen. Onartu, eta etorriko den entrenatzailearekin lanean berdin jarraitzea dagokigu. Garrantzitsuena da taldearen filosofiaren eta jokatzeko moduaren oinarriak sendoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.