Reala 2-2 Almeria

Realak azkenaren aurka berdindu du etxean

2-1 irabazten joan ostean, Realak ez zuen jokorik sortu partidaren azken ordu erdian, eta puntua oparitu zion Almeriari.

Reala eta Almeriaren arteko partidaren une bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Reala eta Almeriaren arteko partidaren une bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2024ko apirilaren 15a
07:34
Entzun

Egin ezak lo eta jango duk mehe. Esaera zahar horrekin deskriba daiteke Realak atzo Anoetako estadioan eginikoa. Ligan azkenekoa den taldearen kontra aritu zen, Almeriaren kontra, eta ez zen gauza izan partida aitzakiarik gabe irabazteko. Amaieran, lo hartu zuen talde txuri-urdinak, eta berdinketa oparitu zion bisitariari.

Almeria sendo atera zen zelaira, eta Realak baino sarriago eduki zuen baloia. Horrek saria eman zion 29. minutuan: Alemariaren kontraerasoa Realaren areara heldu zen, eta Embarbak gola sartu zuen.

Kolpea kafeina izan zen donostiarrentzat. Taldea iratzarri egin zen tarte batez, eta handik bi minutura gola sartu zuen Beckerrek, Galanek Almeriari lapurturiko baloi bati esker.

Berdinduta joan ziren taldeak atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran, Realak jarraitu zuen Almeria estutzen, eskema berarekin, eta horrek emaitzak ekarri zizkion: Oiarzabalen gol bat baliogabetu zuen epaileak, hura jokoz kanpo zegoela iritzita. Zarkharyanek ere arriskua sortu zuen. Berriz ere, Becker-Oiarzabal ardatzak mugitu zuen taldea, eta bigarren gola sartu zuen azkenak.

Baina, Oiarzabalek jokatzeari utzi zionean, bazirudien Realak emaitza ontzat eman eta hori defendatu besterik ez zuela egingo. Azken ia 40 minutuetan ez zuen arriskurikĀ sortu. Halakoetan, hutsak egin daitezke, eta ordurako ez dago buelta ematerik. Zubeldiak arean elastikotik heldu zion Lozanori, eta epaileak penaltia agindu zuen. Hor heldu zen berdinketa. Almeriak beste aukera bat izan zuen, gainera, luzapenean.

Beraz, gaitz erdi. Realak Europarako bi puntu garrantzitsu galdu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.