Sailkapeneko azken sailkatuaren zelaian jokatuko du gaur arratsaldean Osasunak, iragan asteburuan Athleticen aurka kasualitatez ez zutela irabazi erakusteko asmoz. Denboraldia hasiz gerotik, behin bakarrik irabazi dute gorritxoek Sadarretik at, eta gaur irabazi nahi dute bigarren partida. Teorian, zelai aproposera doaz. Zaragozak hanka eta erdi Bigarren Mailan ditu dagoeneko, eta La Romaredan jokaturiko hamabi partidetatik sei galdu egin dituzte Manolo Jimenezen jokalariek. Gaur hiru puntuak lortuz gero, bihar artean gutxienez sailkapeneko laugarren postuan izango da Osasuna, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko aukera ematen duen postuan. Mailari eustea da oraindik helburua, Osasunako jokalarien esanetan, baina gaur irabaziz gero nahitaez hasi beharko dute beste helburuak aintzat hartzen.
Dena dela, Jose Luis Mendilibar zuhur mintzatu zen atzo. «Iragan astean, mundu guztiak uste zuen zaila zela guk Athletic mendean hartzea, baina, erraza izan ez bazen ere, irabazi egin genuen. Aste honetan, berriz, jendeak uste du erraz irabaziko dugula azken sailkatuaren aurka jokatzen dugulako, eta akaso alderantziz gerta daiteke. Sailkapenak dioen bezainbesteko alderik ez dago bi talde horien artean. Mailari eustea zaila izango du Zaragozak, baina Liga amaitu bitartean partida bat baino gehiago irabaziko dute. Ea gure aurkakoa ez den horietako bat». Gainera, etxean jokaturiko partiden erdiak galdu baditu ere, azkena ekarri zuen gogora entrenatzaileak: «0-1 galtzen ari zen Zaragoza atsedenaldian Vila-realen aurka, eta 2-1 irabazi zuten amaieran».
Etxaide, deialdian
Mendilibarrek atzo emaniko deialdian, Jon Etxaide izan zen berritasun nagusia. Denboraldi-aurrean belauna apurtu zuenetik, atzelari nafarrak ez du lehia bakar bat ere jokatu, eta, urtarrilean medikuen senda-agiria jaso zuenetik ondo entrenatu ostean, Zaragozarako aukeratutako jokalarien zerrendan sartu zuen atzo Osasunako entrenatzaileak. Miguel Flañok partida bateko zigorra bete behar du, eta Etxaideizan daiteke haren hutsunea betetzeko jokalari aproposa, nahiz eta hasierako hamaikakoan Roversio ariko den Sergioren aldamenean, ziurrenik. Deialdiaren beste berritasuna David Timorren itzulera da. Mallorcan zigortua zen, baina berriro jokatzeko moduan da, eta Raoul Loe bigarren taldearekin ariko da asteburu honetan.
Aurrean, hil edo bizi ariko den talde bat izango du Osasunak, mailari eusteko ahaleginean azken izerdiak bota beharrean baita Zaragoza. Carlos Arandak, Osasunako jokalari ohiak, hasieratik jokatuko duela dirudi. «Ondo badabil, jokalari arriskutsua da Aranda. Motibazio handiz ikusi dut azken partidetan, Lehen Mailan jarraitzeko azken aukera balu bezala. Gainera, gure aurka are motibazio handiagoa izango du, eta erne ibili beharko dugu», nabarmendu zuen Mendilibarrek.
Azkenaren etxera
Hogei punturen aldea dago Osasunaren eta Zaragozaren tartean, eta Romareda zelai egokia da garaipena lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu