Hogei goleko aldea. Horixe lortu zuen Portlandek atzo, bere pistan, Almeriaren kontrako partidan. 39-19. Asobal Ligako sailkapenean azkena da Almeriako taldea, eta atzo agerian gelditu zen zergatik. Nafarrak ahalegin handirik egin gabe nagusitu ziren pistan, eta bere jokoa egiteko aukera gutxi utzi zioten aurkariari. Norgehiagoka hotz hasi zuten Chechu Villaldearen jokalariek, hala ere, eta erasoan opari bat baino gehiago egin zioten Almeriari. Partidak hartu zuen martxa kontuan hartuta, garrantzirik gabeko opariak izan ziren.
Dominikovic, Malmagro eta Nikolic gabe aritu zen Portland atzo. Azken jokalari horren hutsa sumatu zen. Bere selekzioarekin Errusiaren kontra jokatu zuen partidan bi kolpe jaso zituen ahoan Nikolicek, joan den astean. Hamar puntu eman dizkiote. Atzo adierazi zuenez, Arrateren kontra ere ezin izanen da aritu, baina espero du Cai Aragoiren kontrako partidarako prest izatea.
Hasierako zazpikoan aldaketarik ez zuen egin Villaldeak lehen zatiko aurreneko hamabi minutuetan. Une horretan atera ziren pistara Hernandez, Juantxo eta Ruesga. Juantxoren lana sumatu zen defentsan, bai eta erasoan ere, bost gol egin baitzituen. Jorgensenen itzulerak, halaber, sendotasuna eman zion Portlandi atzean.
Aldaketek lortu zuten erdi lo zegoen Portland ernatzea, eta atsedenaldirako 21-9 ziren jada aurretik markagailuan.
Bigarren zatian defentsari atera zioten etekina nafarrek. Saricen geldiketei esker, batetik, eta kontraerasoen bidez egin zituzten golen eskutik, bertzetik. Almeriak amore eman zuen, eta Portlandeko jokalariek arazorik ez zuten izan, behin eta berriz, aurkariaren atea zulatzeko. Mindegia nabarmendu zen, bai eta Ibai Meoki gaztea ere. Bigarren taldeko jokalariak ederki jokatu zuen, eta bi gol ere egin zituen. Zaleek eskertu zuten gaztearen borrokarako grina.
Garaipen garrantzitsua
Nafarrei aurre egiteko gai ez zen aurkariarekin, ematen zuen pistan Portland baino ez zela. Aldea handituz joan zen markagailuan. 21ekoa ere izan zen, partidaren azken txanpan, nafarrak 39-18 jarri zirenean. Azkenean, 39-19. Garaipen erraza eta garrantzitsua etxeko taldearentzat, sailkapeneko goiko aldeko postuei ihes egiten ez uzteko. Hurrengo partida Eibarren jokatuko dute Portlandeko jokalariek, etzi. Arrateren aurka ariko dira.
Portland39
Keymare Almeria 19
Portland San Antonio. Svensson, Mindegia (6, 1p), Vugrinec (4), Kjelling (5, 1p), Jorgensen (1), Masachs (1), Urdiales(4, 1p) --hasierako zazpikoa--, Saric, Jakobsen (1), Ruesga (3), Hernandez (2), Meoki (2, 1p), Nikcevic (5) eta Juantxo (5).
Keymare Almeria. Marcos, Roche, Safiani, Guirado, Crowley (1p), Cohelo, Eloy (3)--hasierako zazpikoa--, Ritxi, Tioumentsev (5, 1p), Felez (3, 1p) eta Bertos (4).
Markagailua. 3-1, 5-4, 8-4, 12-6, 15-8, 21-9 (atsedenaldian); 25-11, 27-13, 29-15, 33-15, 36-17 eta 39-19.
Epaileak. Martin eta Fuertes. Bi minutuz kanporatuak Portlandeko Juantxo eta Vugrinec; eta Almeriako Guirado eta Crowley.
Bestelakoak.1.500 ikusle inguru NUPeko pabiloian.
Azkenaren kontra, erraz
Portlandeko jokalariek inolako arazorik gabe hartu dute mendean Almeria, NUPeko pabiloian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu