Azken sailkatuaren aurka ere ezin. Azken sailkatua hamar jokalarirekin geratutakoan ere ezin. Indar handiegirik gabe dabil Athletic, eta Granadaren zelaian nabarmen geratu da hori. Zuri-gorriek bi baloi bidali dituzte zutoinera; Mikel Ricok lehenengo (19. min.) eta Muniainek gero (84. min.). Baina Oier atezainaren huts bat (9. min.) eta Muniainek erdiratuta Aduriz iritsi ez den jokaldia salbu (13. min.), Athletic ez da gai izan goleko aukera argirik sortzeko. Granadak, berriz, ezer gutxirekin, arriskua sortu du amaieran, jokalari bat gutxiagorekin eta Piti erdi herrenka zebilela.
Lehen 23 jardunaldietan 24 puntu lortuta, zuri-gorriek behin-behinean bost puntura dauzkate jaitsiera postuak. Hasi, indarrean ekin dio Athleticek partidari, eta Granadaren atzealdeko zalantzak baliatuta, aukeraren bat edo beste sortu dute Adurizek eta Muniainek. Baina De Marcosek 38. minutuan oker egindako jaurtiketaren ondoren, Lassek txikitu du bilbotarren atzealdea atsedenaldira bidean —bikain konpondu du jokaldia Laportek—. Eta bigarren zatian ere etxekoek eduki dituzte aukerarik onenak. 62. minutuan geldiketa bikoitza egin behar izan du Iraizozek, Piti eta Candeiasen jaurtiketei erantzunez. Eta epaileak 68. minutuan Insuari txartel gorria atera dionean ere Athletic ez da gai izan Granada bere arean sartzeko. 83. minutuan Pitik zutoinera bidali du errematea, hurrengo minutuan Muniainek ere bai, eta Cordobak eta Pitik berak eduki dituzte azken bi aukerak. Berdinketa tristea azkenaren zelaian, eta Europako Ligako kanporaketa zain.