Azkenari itxaropena ukatzeko asmoz

Tarragonako Gimnastic suspertzen hasi da eta Osasunak errotik eten nahi du bolada on hori

2007ko otsailaren 11
00:00
Entzun
2006-07 denboraldiaren hasieratik estu eta larri ibili da Tarragonako Gimnastic. 56 urte igaro eta gero Espainiako Ligako maila gorenera itzultzea lortu zuten aurreko sasoian Gimnasticekoek, eta Kataluniako klub apal horretan denek bazekiten asko sufritu beharko zutela mailari eutsi ahal izateko. Igoeraren sasoian jainkoaren pare jarri zuten entrenatzailea -Luis Cesar Sampedro- kargutik kendu zuten, baina taldearen ardura Paco Floresek hartu zuenean ere ez zen asko hobetu Tarragonako taldea. Hargatik, amore ematen hasiak zirela zirudienean, Espanyolen kontra jokatu zuten Nou Estadi futbol zelaian, eta atsedenaldia baino lehen 4-0 nagusi zen markagailuan Paco Floresen taldea. Sasoi guztian izan ez duten eraginkortasuna erakutsi zuten Ernesto Valverderen jokalarien aurka, eta horrek salbazioaren bila lanean jarraitzeko adorea eman diela dirudi, hurrengo jardunaldian ere etxetik kanpo puntu baliotsua lortu baitzuten, Balaidosen Celtaren aurka. Osasunak, ordea, errotik eten nahi du Tarragonakoen susperraldia.

Hil honetan jokatu beharreko partida andanarako adorea hartzeko Gimnastic mendean hartzea ezinbestekoa zela esan zuen Patxi Izko presidenteak herenegun, eta atzo Jose Angel Ziganda entrenatzailea izan zen gaurko norgehiagokaren garrantzia azpimarratu zuena: «Ez dira hiru puntu bakarrik, jaitsiera postuekiko tarte ederrarekin gera gaitezke irabaziz gero. Oraingoz Gimnastic eta Reala aintzat hartu gabe, zortzi talde bost punturen tartean gaude sailkapenean, eta ezin dugu hankasartzerik egin, zortzi talde horietakoren bat zulora eroriko baita azkenean. Tarragonakoa ez da finala guretzat, oraindik ere puntu tarte txiki bat badugu eta, baina, zalantzarik gabe, final bat izan balitz bezala jokatu behar dugu. %95ean arituta ez daukagu irabazterik. Zaila da partida guztiak Bartzelonaren aurka ari zarenean bezala jokatzea, baina hor dago gakoa guretzat eta gurea bezalako taldeentzat. Arreta handiz jokatzea erabakigarria izango da. Oso talde gutxik irabazten dituzte partidak kalitatearengatik soilik», adierazi zuen Larraintzarko entrenatzaileak.

Helburu bakarra irabaztea da, baina azken sailkatuak lanak emango dizkiela badaki Osasunako entrenatzaileak: «Abisatuta gaude, Espanyolen aurka lortutako 4-0ekoa eta Vigon eskuratutako berdinketa ikusi eta gero guri ere irabazten badigute, ez da hainbesteko ezustekoa izango jada», esan zuen Zigandak, badaezpada.



AURRELARI BAKARRAREKIN. Ateak itxita Nafarroako Erresuman egindako entrenamenduaren ostean, Jose Angel Zigandak ez zuen hasierako hamaikakoa eman nahi izan Taxoaren eskainitako prentsaurrekoan. Hala eta guztiz ere, osteguneko lan saioan egindako probak erabakigarriak izan daitezkeela dirudi: 4-1-4-1eko joko sistemaren alde egin dezake Zigandak, eta baliteke Izquierdo, Cuellar, Nekounam, Font eta Juanlu sartzea hamaikakoan, Javier Flaño, Krutxaga, Puñal, Milosevic eta Juanfranen kaltean.

Valdok eta Delportek min hartuta jarraitzen dute, eta Patxi Puñal zigortuta dago. Entrenatzailearen erabakiagatik deialditik at geratutako beste hiru jokalariak Josetxo, Webo eta Monreal dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.