Azkenean dastatu du garaipena

Rojasek irabazi du Kataluniako Voltako seigarren etapa, eta Contador lider da azken saioa falta dela

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Egunak zeramatzan Jose Javier Rojas espainiarrak (Movistar) garaipenaren usainean Kataluniako Voltan. Usainean, bai, baina dastatu ezinik. Lehen etapan, tropeleko bigarrena izan zen; bigarren etapan, beste horrenbeste; laugarren etapan, hirugarrena; eta bosgarren etapan, bigarrena berriro. Atzo, ordea, garaipenak ez zion ihes egin, eta azkarrena izan zen seigarren etapan, Tarragona eta Mollet del Vallesen artekoan. Manuel Cardoso portugaldarrari (RadioShack) eta Samuel Dumoulin frantziarrari (Cofidis) hartu zien aurre Rojasek azken metroetan, aurreko bi etapetako irabazleei, hain zuzen ere. Ruben Perez (Euskaltel-Euskadi) esprintean sartu zen berriro, eta zazpigarren postuan amaitu zuen.

Sailkapen nagusiari dagokionez, ez dago inolako aldaketarik, eta Alberto Contadorrek (Saxo Bank) jarraitzen du lehen postuan. Espainiarrak 23 segundoko aldea ateratzen dio Levi Leipheimer estatubatuarrari (RadioShack) eta Michele Scarponi italiarrari (Lampre). Hamabi segundo atzerago daude Daniel Martin irlandarra (Garmin-Cervelo) eta Chris Horner estatubatuarra (RadioShack). Gaur bukatuko da itzulia, Bartzelonan amaituko den 124,5 kilometroko etapa batekin. Ezustekorik ezean, esprintean erabakiko da etapako irabazlea.

Kataluniako Voltarekin batera beste hainbat proba ari dira jokatzen Europan. Hala, Nazioarteko Kriteriumean, Frank Schleck luxenburgotarrak (Leopard-Trek) irabazi zuen lehen etapa, eta David Lopez bizkaitarra (Movistar) laugarren izan zen. Gaur amaituko da proba.

Ez zen izan Leopard-Trek taldeak atzo lortutako garaipen bakarra, Fabian Cancellara suitzarra Prijs Vlaanderen klasikoan nagusitu baitzen. Coppi&Bartali Astan, berriz, Giovanni Visconti italiarra (Farnese Vini) izan zen garaile azken etapan, eta Emanuele Sella haren herrikideak (Androni) irabazi zuen proba. Gaur, berriz, Gent-Wevelgem klasikoa jokatuko da.

Olaberriaren zorte txarra

Pistako Munduko Txapelketan, bestalde, Leire Olaberriak zail izango du omniun proban podiumera igotzea, zortzigarren postuan baita lehen hiru probak jokatuta. Olaberriak ezin hobeto hasi zuen atzo omniun proba, itzulikoan azkarrena izanda, baina ondorengo bi probetan, puntuazioan eta kanporaketan, pattal aritu zen —18. izan zen puntuazioan, eta 13.a kanporaketan, erori eta gero—. Horren ondorioz, gaur bikain aritu beharko du falta diren hiru probetan —jazarpena, scratcha eta erlojupekoa— podiumera igo nahi badu. Juan Peralta nafarrak, berriz, ez zuen gainditu lehen kanporaketa keirin proban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.