Gazteleku 0 (31)
Adiskide 3 (66)
KADETEAK
Jauregi-Tolosa 9
Elezkano II.a-Hernandez 22
GAZTEAK
Irastorza-Ulanga 11
Legorburu-Galarza 22
NAGUSIAK
Eskudero-Erreka 11
Elekano I.a-Ajuria 22
Andoaingo Adiskidek eman du txapelketako ustekabekoa, baina bere ibilbide gozoa iragan ostegunean eten zen, Galdakaoko pilotalekuan. Harmailak bete egin ziren, eta etxeko seikoteak gozatua eman zion zale andanari. Adiskide zen faborito, talde indartsua da, 2008an txapeldun izandakoa, eta hiru partidak irabazita lortu zuen finalerako sailkatzea.
Adiskideren indarraren gakoetako bat kadete mailako bikotean dago, eta Danel Elezkano aurrelariak markatzen duen aldean. Gaztelekuko bikoteak, baina, estu hartu zuen hasieran, eta ondo ekin zion lehen partidari (3-6). Tolosa nagusi zen atzean, eta Hernandez kargatuz eutsi zioten orekari. Gutxi iraun zuen, baina, Elezkano partidan sartu eta berak erabaki zuelako lehia. Hamazazpi tanto egin zituen guztira, azkenengoa, dejada polita txokoan.
Jubenil mailako partidan ere etxekoak gehiago izan ziren, halako alderik espero ez bazen ere. Presioak ez zion mesederik egin Gaztelekuko bikoari. Hasieran, bi atzelarien arteko lehia polita ikusi zen, Adiskideko Galarzak agindu zuen, baina Gaztelekuko Ulangak ondo eutsi zion (6-8). Andoaindarren atzelaria apurka nekea sumatzen hasi zen, eta Legorburu Adiskideko aurrelariak ondo baliatu zuen txakalaldia. Hamahiru tanto egin zituen guztira, eta Galdakaoko taldeak 24 tantoko aldea pilatua zuenez, azken partidan ez zegoen deus ere jokoan.
Kanporaketa erabakita egon arren, Galdakaokoak ez ziren erlaxatu. Gaztelekuko Eskudero eta Errekak ondo ekin zioten partidari (11-7), baina Adiskidekoen partida amaiera ikusgarria izan zen. Elezkanok ardura hartu, pilota aldatu, eta bere eskutik etxekoek egin zituzten azken hamabost tantoak jarraian.
Aurrera 1 (44)
Aurrera Saiaz 2 (51)
KADETEAK
Olano-Hernandorena 22
Labaka-Elustondo 7
GAZTEAK
Jaunarena II.a-Jaunarena I.a 7
Urbieta II.a-Zinkunegi 22
NAGUSIAK
Esain-Iriarte 15
Renobales-Galarraga 22
Galdakaon gertatu bezala, Tolosako Beotibar pilotalekuko harmailek ere itxura bikaina izan zuten bigarren finalerdian. Bidania-Goiazko eta Leitzako taldeen arteko kanporaketak zale asko erakarri zituen iragan ostiralean. Egungo txapeldunak kostata kanporatu zuen Aurrera, leitzarrak kadeteen partida nagusitasunez irabaziz hasi zirelako. Olano aurrelariak partida bikaina jokatu zuen, eta min handia egin saketik. Hamar tanto lortu zituen lehen pilotakadarekin. Hernandorenarekin bikote ona osatu zuen, eta hasieratik hautsi zuten partida (10-3 eta 20-5).
Bidania-Goiazkoak azken bi partidak irabaztera behartuta zeuden. Jubenilek hasi zuten susperraldiaren bidea, Zinkunegi atzelaria nagusi izan zen partida osoan, eta Urbieta aurrelariak on egin zuen agintea. Biek itxura oso sendoa eman zuten. Lehen tantoetako orekaren ondoren (4-5), tartea egin zuten (4-13), eta bukaera arte ondo eutsi. Jon Jaunarenak ezer gutxi egin ahal izan zuen. Horiek hala, azken partidako irabazlea sailkatuko zen finalerako.
Nagusien arteko norgehiagokak hasiera gogor eta estua izan zuen (6-6 eta 11-11), baina apurka Galarraga Aurrera Saiazeko atzelaria nagusituz joan zen. Iriarte baino gehiago zen, eta Renobalesek ondo baliatu ziztuen errematerako aukerak (11-19). Esainek susperralditxoa izan zuen (15-19), motzegia baina, eta Renobalesek itxi zuen partida zabalean jotako dejada batekin.