Iraupena. Partidarena 55.41; jokoarena 9.43.
Pilotakadak. 263.
Sakez. Titinek bi eta falta bat; Arretxek 1.
Lau t'erdiko pasak. Titinek bat.
Markagailua. 2-0, 2-2, 2-4, 4-4, 4-5, 5-5, 5-7, 7-7, 7-8, 8-8, 10-8, 10-10, 12-10 ,12-12, 12-17, 16-17, 16-19, 19-19 eta 19-22.
Bestelakoak. Sarrera polita Logroño Adarraga pilotalekuan, 500 ikusle inguru. Apustuak 100-40ri irten ziren Titinen alde.
Titin III.ak agian ez du lau t'erdiko txapelketako partida gehiago jokatuko. Arretxe II.aren aurka galdu zuen atzo, eta kanporatua izateak, ondo bidean, heldu den urteko txapelketari behe-behetik ekin behar izatea esan nahi du. Horrek oso luze egiten du bidea, eta prestaketa denbora, berriz, motz. Partidaren ondoren, mezu kriptiko bat bidali zuen: «Orain, beroan, azken partida izan dela esango nuke. Urtero gero eta gehiago kostatzen zait prestatzea, eta zertarako? Lehen partidan galtzeko? Baina oraindik urtebete falta da, eta ikusteko dago nola egongo naizen heldu den urtean; denbora asko da ezer aurreratzeko. Gainera, lau t'erdiko beste partidaren bat jokatu nahiko nuke, txapelketakoa ez bada ere». Iaz ere antzeko adierazpenak egin zituen, eta aurten jokatu du.
Burumakur zegoen, Iker Arretxe hobea izan zelako. Luzaidekoak partida galanta egin zuen, erasoan bereziki. Izar handi baten aurkako garaipen bat behar zuen bere ibilbideari bultzada emateko, eta Logroñon iritsi zen. Hamasei tanto egin zizkion jokoan Titini, eta ondo merezita lortu zuen ostiralean Xalaren aurka Hendaian jokatzeko eskubidea. Final-laurdenetako A ligaxkako beste partida Bengoetxea VI.ak eta Olaizola II.ak jokatuko dute, larunbatean, Iruñean.
«Arretxe hobea izan da, eta ni ez naiz batere gustura aritu». Titinek ez zuen aitzakiarik nahi, eta ezin jarri ere. Arretxek bere ibilbideko partida onenetakoa jokatu zuen, eta aurkaria ernegatu. Bide batez, aitak duela hamabost urte Titinen aurka galduriko finalerdietako partidaren ordaina hartu zuen familiarentzat. Botera ezker paretaren bila ibili zen beti, eta oso trebe aritu zen gantxoa zabalean irekitzean. Tanto ikusgarriak egin zituen hala, bi onenak, 12nakoa eta 12-14koa; biak lau t'erdiko marratik eta kantxaren erditik zabalean jotakoak. Zortea ere izan zuen lagun gazteak, baina pilotan, normalean, zorteak ausarten saria izaten da.
Zortea alde izan zuen, bai, baina epaileen begia ez, bederatzinakoa behar zuen tantoa Titinen aldeko 10-8koa bilakatu baitzen. Beteranoak bigarren botean garbi eraman zuen pilota; epaileak, baina, ez zuen ikusi, eta hurrengo pilotakadan Arretxek txapara bidali zuen. Kexatu zen gaztea, baina aitak lasaitu zuen. Partidan sartuta jarraitu behar zuen, eta aitak ondo lortu zuen. Arretxek zortzi tanto jarraian egin eta bost tantoren aldea ireki zuen (12-17).
Titinek jota zirudien, baina ez zion agur esan nahi lau t'erdikoari. Pilota ondo mugituz, Arretxe behartu zuen. Pilota bizi mugitu baino gehiago, ondo erabili zuen, angeluak ondo baliatuz. Arretxe korrika ibili zuen alde batetik bestera, eta oreka itzuli zuen partidara (19-19). Zaleak piztu ziren, kutuna bizirik zen, baina unerik txarrenean lau t'erdiko pasa egin zuen (19-20). Azken aurreko tantoan berriz huts egin zuen, eta azkena Arretxek lortu zuen, merezitako garaipena ospatu aurretik.
Titinen erabakiaren zalantza airean geldituko da, eta ia urtebetekoa izango da itxaronaldia. Dena den, badaezpada ere, Titini jendaurrean eskerrak ematea komeni da, lau t'erdian emaniko ikuskizunarengatik: adorea, borroka, tanto politak, lurrean arrastaka ibilita urraturiko galtzak... eta, beste ezeren gainetik, kaiola jokoan iraultza egiteagatik. Plazer bat izan da hura ikustea.
Titin III.a 19. Arretxe II.a 22
Azkenekoz lau t'erdian?
Arretxe II.ak bikain jokatuta kanporatu du Titin, eta ikusteko dago beteranoak txapelketa berriz jokatuko duen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu