Martxoaren 31n izango da Azkoitia-Azpeitia (Gipuzkoa) maratoi erdia eta, antolatzaileek gaur aurkezpenean esan duten bezala, "kalitateari eutsi" nahi diote. Iaz lortu zuten partaidetzarik handiena (1.133 atleta) eta aurten ere hortxe ibiltzea espero dute. “Goraka joan nahi dugu baina hau proba herrikoia dela ahaztu gabe, eta hori beti zainduko dugu”, esan du Jose Mari Flores antolatzaileak; hori ere kalitatea eskaintzea da antolatzaileen ustez. Atleta onak lotzen ere saiatu dira, "gure aurrekontuen arabera, maila hobetu asmoz".
Atleta horien artean, batzuk aipatzearren, gizonezkoetan Silas Sang, William Chebor eta Joseph Enderitu kenyarrak eta Kamel Ziani izango dira, eta emakumezkoetan Yesenia Centero kubatarra, Pamela Chepchumba kenyarra, Teresa Pulido espainiarra eta Fernanda Riveiro portugaldarra.
Aurtengo edizioan (14.a da) Alejandro Gomez atleta, Diego Garcia lasterkalariaren aita zena (abuztuan hil zen) eta Fernando Tapia zena (orain dela aste batzuk hil zen azkoitiar pilotari eta pilota hautatzaile izandakoa) omenduko dituzte.
Diego Garcia bera hil zela sei urte dira. 2001eko martxoaren 31 zen eta entrenatzen ari zen Azpeitia eta Azkoitia arteko bidean. Alejandro Gomez ari zen harekin lasterka. Loiola parean bihotzekoa izan zuen Garciak (atletismo profesionala utzi berria zen) eta hil egin zen. Haren omenez antolatzen dute geroztik proba.
16:30ean hasiko da, Azkoitian, eta helmuga Azpeitian Loiola Hotelaren parean izango da. 21 kilometro eta 97 metroko ibilbidean ez da aldaketarik izango.
Duela aste batzuetatik eman daiteke izena, 15 euroren truke. Internet bidez, 13 euro dira. Egun berean ere eman ahal izango da, 11:00etatik 13:00etara, Azpeitian Loiola Hotelean eta Azkoitian udaletxearen arkupeetan.
Atletismoa
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, "kalitateari eutsi" nahian
Atleta onak izango dira eta besteak ere "ondo" zainduko dituzte. Proba hilaren 31n izango da, eta Alejandro Gomez, Diego Garciaren aita eta Fernando Tapia omenduko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu