Azpeitiko Loiola auzoan (Gipuzkoa) jokatuko da aurten Europako Sega Txapelketa. Orotara, sei herrialdek parte hartuko dute aurtengo txapelketan: Alemaniak, Austriak, Hego Tirolek, Suitzak, Esloveniak eta Euskal Herriak.
Selekzio bakoitzarekin 15-16 segalarik parte hartuko dute. Suitzak eta Austriak, esaterako, hamasei segalari izango diztuzte. Izan ere, aurreko txapelketan bi selekziok irabazi zuten; lehenak gizonezkoetan, eta bigarrenak emakumezkoetan.
Guztira, 92 kirolari lehiatuko dira Loiolako zelaietan: 61 gizonezko eta 31 emakumezko. Hala ere, kirolariekin batera, jende gehiago bilduko da txapelketaren ingurumarian.
Egitarau zabala
Abuztuaren 28tik 30era jokatuko da txapelketa, eta egun horietan, lehiaketez gainera, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Esaterako, segalariei harrera ofiziala egingo diete lehen egunean. Musika, animazioa eta otorduak ere ez dira faltako hiru egunetan.