Reala ez aurrera ez atzera gera ez dadin hazkunde fasean sartzeko beharra aldarrikatzen du behin eta berriz Jokin Aperribaik, Realeko agintari nagusiak (Deba, Gipuzkoa, 1964). 50 milioi euro inguruko aurrekontua osatzea da helburua. Horretarako, besteak beste, Anoeta birmoldatu eta telebista eskubide berrien diru sarrerak kudeatzea ezinbesteko pausoa litzatekeela dio. Hala, akziodunen berrespena eskatuko du biharko Batzar Orokorrean, eta ziur da kirol egoera zaila gainditzeko tresnak badituela Montanierrek.
Azken sei partidetan puntu bakarra lortu ostean, arnasestuka hasi al zara?
Goitik behera eginagatik, Zubietako eguneroko lana hartzen dugu aintzat. Lasaiago egoteko aukera onak alferrik galdu ditugu. Mallorcan eta Valentzian urrutira joan gabe. Merezi izan arren, ez gara izan irabazteko gai, eta horrek eragina dauka, noski, sailkapenean. Athletic eta Getaferen aurka, berriz, etxean, ez ginen fin aritu. Edozein modutan, talde barruko giroak fruituak emango dituelakoan gaude.
Beheranzko joera eteteko, zer-nolako errezeta osatuko zenuke?
Arau jakin batzuei eutsiz egin du bidea Realak. Harrobian sinetsiz, filosofia eta izaera garbia zehaztuz. Horretan dihardugunez, ezin gara aldez aurretik urduritu. Jokalariek egoerari buelta emango dioten uste osoa daukat.
Jokalariek zenbait unetan ez al dute irabazteko grina gutxi erakusten?
Ez, ez. Hobetzeko eta aurrerapausoak emateko amorratzen daude. Multzoa eraikitzen ari gara eta ez dute berehalakoan etsiko. Beharbada, ez dira iaioenak sentimendu hori argitasunez azaleratzeko, nahiz une zailak gainditzeko harrotasuna sobera izan.
Bigunegiak diren iritziarekin ez duzu bat egiten?
Atletismo pisten ondorioz, ez daukagu ikuspegirik egokiena, eta, agian, ez da behar bezala bereizten jokalariek egiten duten lana. Etxetik kanpo bestelako errezeloa hartu diot nik. Hanka sartu, lehiatu eta borrokatzen diren errezeloa. Halere, ukaezina da zer hobetu handia daukagula.
Konturatuko zinenez, Philippe Montanierren ospe ona itzaltzen ari da kalean.
Gure pentsamoldeak bere horretan jarraitzen du. Emaitzen arabera ulertzen da futbola, baina haren lan egiteko moduan itsu-itsuan sinesten dugu. Langile porrokatua da Philippe; egun osoa Zubietan igaro ohi du, entrenamenduak prestatuz eta ikusiz, aurkariak sakon aztertuz… Erabaki okerrak hartuko zituen arren, lasai egon beharra dauka, boladak hautsi egiten baitira.
Entrenatzaileari klubaren nondik norakoak azaldu behar zaizkiola irakurtzean, zer pentsatzen duzu?
Realaren izaeran sakondu nahi du etengabean, eta gogotik ahalegintzen ari da. Beheko taldearen entrenamendu nahiz partidak bertatik bertara ikusteaz gain, gazteenetan ere egoten da. Denbora eman behar zaio.
Denbora, ordea, garaipenekin erosten da…
Emaitzen nagusitasuna erabatekoa da. Ondotxo daki hori berak ere. Bat egiteko unea da, iritsi da hainbeste nekeren ordaina jaso eta Rayo, Espanyol eta Betisen kontra irabazteko izango ditugun aukerak baliatzeko garaia. Ziur naiz azaro bukaeran orain baino egoera lasaiagoan izango gare- la.
Zer transmititzen dizu taldeak?
Emaitzen gainetik, ilusioa kutsatzen dit. Aldagelara sartzen naizen bakoitzean, eta, esaterako, Aranburu, Mikel Gonzalez, Prieto, Iñigo Martinez, Illarramendi nahiz Ansotegiren gogo bizia sumatzean bete egiten naiz. Realean gauza garrantzitsuak lortu nahi dituen multzo bat osatzen dute jokalariek.
Entrenatzailearen eta kirol zuzendariaren bideak lotuta al doaz?
Lau erabaki hartu genituen denboraldi-aurrean. Ezer baino lehen, Illarramendiri aukera ematea. Ondoren, beste hainbeste gertatu da Iñigo Martinez eta Cadamurorekin. Azkenik, Vela eta Mariga etorri ziren bi talde ospetsutatik. Lehena arazorik gabe ari da hirira, ingurura eta taldera egokitzen. Jokalari fina da oso, eta itxaropen handia dugu berarengan. Ea lesioek arnasa hartzen uzten dioten behingoz. Bigarrena, berriz, ondo aritu da Italian. Erregistro ederrak dauzka. Entrenatzaileak eta datu fisikoek diotenez, hoberantz egiten ari da. Erabaki horiek bat egiten dute Realaren izateko erarekin. Lorenek ederki ezagutzen du etxea. Ez da ondorioak ateratzeko garaia, baizik eta taldearen erantzunaren zain egotekoa.
Fitxatutakoei, ordea, berehalako errendimendua eskatu behar zaie. Esaterako, Marigari.
Entrenatzaileak esaten digunez, jarraitzaile multzo batek uste duen baino ekarpen aberatsagoa egiten ari da. Estatistikak ditugu esku artean. Multzoa hazi egingo da elkar lotzen doan heinean.
Hedabide batzuek zabaldu dutenez, Llorenteren eta Montanierren arteko harremana ez da ona. Zer daukazu esateko horren inguruan?
Oinarririk ez duela. Ez daukate arazorik. Are gehiago, ederki moldatzen dira. Llorente zaintzen ari da kluba, lehenbailehen gorputzaldirik onenera buelta dadin. Funtsezko jokalaria da guretzat.
Ifranek bazterrak nahastu zituen lehen asteetan. Zer gertatu da?
Aurrez aurre hitz egin dut berarekin. Ahalmen handia duenez, asko eman liezaioke taldeari. Futbol jokalariak etengabean hobetzeko joera erakutsi behar du, barruan duen guztia atera eta taldeari laguntzeko. Horretaz jardun ginen.
Griezmannek jarraitzailerik lasaiena ere ernegatu du.
Realeko entrenatzaile ohi batek esango lukeen moduan, gazte denborako bekatuak dira. 13 urterekin atera zen etxetik, eta ordutik futbolak bideratu du haren heziketa. Horretan baino ez du pentsatu, eta zilegi da gailurra jo nahi izatea. Talde batek betiko bizia eskaintzen dizunean, Txapeldunen Liga jokatu eta Munduko Kopara joateko ateak zabalduko zaizkizula zin egitean, ez da samurra burua bere tokian edukitzea. Esan diogu hemen ere bete ditzakeela ametsak, eta helburu horren bila duen guztia emateko. Garrantzitsua da taldearentzat, eta duenari eskatu egin behar zaio. Hori egin dugu Antoinerekin.
Ez al da penagarri samarra harrobiko jokalari bati konpromisoa eskatu behar izatea?
Halakoak gertatzen dira futbolean. Zenbaitetan ez dugu aintzat hartzen inguruan duguna. Norberak hausnartu beharrekoa da. Haren ekarpena oparoa izan denez, bide horretara buelta dadin eskatu diogu.
Ez saldu izanaren damurik ba al duzu?
Ezta pentsatu ere.
Xabi Prieto ez dago sasoiko. Kezkatzen al zaitu horrek?
Talde kirolaz ari gara hizketan. Multzoa zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta itxura hobea eman ohi du norberak. Jokalari bikaina da, taldeko onena. Profesionaltasun, errespetu eta ardura itzelekoa da. Ziur naiz denboraldi amaieran Xabi Prietoren inguruan aparteko kontuak esango ditugula.
Funtsezkoa izanik, hasi al zarete haren kontratua luzatzeko elkarrizketetan [2013an amaituko zaio]? Zurutuza eta Mikel Gonzalez egoera berean daude.
Emaitzak hobetzean jarri behar dugu arreta osoa. Zelaiko kontuei erreparatu behar diegu oraintxe bertan. Gero gerokoak.
Aranburuk, berriz, 400. neurketa jokatu zuen Valentzian, eta datorren urtean amaituko zaio lan hitzarmena.
Lesio larriak gaindituz eta klubarenganako nahiz jarraitzaileekiko begirune handia izanda heldu da kopuru horretara. Eredugarria da zentzu guztietan. Bera da talde barruan pisu handiena duen jokalaria. Kontratua amaituko zaio eta berarekin hitz egingo dugu. Goizegi da, halere.
Anoetako birmoldaketak zer du egiatik eta zer ametsetik?
Egiatik ametsetik baino gehiago du, ziur. Hainbat lanaldi daude. Ezer baino lehen, guztion artean plangintza serio bat osatu behar dugu. Finantzaketa lortzea bigarren pausoa litzateke. Badakigu gauzak nola dauden; ez dugu astakeriarik egingo. Azkenik, eraikuntza lanak daude. Deserosoa bezain itxaropentsua izango litzateke zaleentzat. Lortuz gero, Realaren etorkizuna bermatuko genuke. Futbola geroz eta lehiakorragoa da, eta azpiegitura sendoagoa behar dugu izan gure izaerari bizkar ez emateko, garen horretan sakontzeko, hitzartutako taldeekin lanean jarraitzeko, jokalari onenak ez saltzeko, Gipuzkoako gizartean presente egoteko nahiz Zubieta indartzeko.
Obsesio bilakatu al da?
Errealitatea da. Gure betebeharrei segurtasunez erantzuteko, Lehen Mailan sustraiak egin behar ditugu aurrena, eta hazi egin behar dugu ondoren. Aurrekontu apalenetakoa osatzea ez da ona, gauza asko arriskuan baitaude. Horrela ez da samurra esku artean duzuna mantentzea. Azpiegiturak indartu ezean, ez dugu hobetuko. Horretaz ariko naiz batzarrean. Telebistarekin kontratu berria izenpetu dugu, 30.000 bazkide izatera hel gaitezke, eta zelaia eraldatuko bagenu, talde indartsuenen eremuan sartu ahal izango ginateke.
Birmoldaketarik ezean, etorkizuna beltza al da?
Ezin dugu fitxaketa hoberik egin. Giza ondasun harrigarria daukagu. Zaindu egin behar ditugu bazkideak, indarrez jarrai dezaten.
Aurrerantzean bazkide txartela garestiagoa izanik, ez al dago tarte handiegia esaten eta egiten denaren artean?
2007ko maiatzean baino merkeagoa izango da bazkide txartela, hala ere. Aurrekontuari eta zergei aurre egin behar zaie, eta Zubietako egiturak hobetu behar dira. Kaleko arazoak ulertzen saiatzen gara. Langabezian daudenek, esaterako, ez dute klubari laguntzeko egunik ordaindu, eta bestelako neurriak proposatu dizkiegu zelaira sartzen jarrai dezaten. Alderaketa bat egingo dut: Anoetaren aldean, San Mamesera joateak halako bi balio du. Zuri-gorriren batek hau irakurtzean pentsa dezake ikuskizuna bikoitza izango dela. Niretzat, ez dago Reala ikustea bezalakorik, eta hobetzeko bidean jarri behar dugu.
Biharkoa batzarra da; ez gaude hauteskundeetan…
Ez, ez, errealitatea baino ez da. 40 milioi euroko aurrekontuarekin ezingo ditugu defendatu helburuak. 50-55era iritsi behar dugu.
Duela gutxi bildu zineten Donostiako Udaleko lantalde berriarekin. Zer berri?
Oso ongi aritu ginen. Benetako kontuez hitz egin genuen. Hazkundea zuhurtziarekin bateratzen ahalegindu behar dugu. Denok opa diogu onena Realari.
Aurreko legealdian, Anoetako lanei ekin ahal izateko hitzarmen bat sinatu zenuten Odon Elorzarekin. Zertan da hori guztia?
Bere horretan dirau. Hitzarmenarekin ados ez zegoen batek helegitea jarri du, eta erantzunaren zain gaude. Ez da bide bakarra. Erabaki onena zein den ikertzen ari gara, ondoren garatzeko.
Klubaren egoera zein da?
Osasuntsua. Osaketa lanean aritu gara azken urteetan, hiltzeko zorian egon baitzen elkartea. Orain, berriz, egonkortze fasean sartuta gaude. Gehiago nahi dugu, eta telebista kontratu berria izan liteke hazkundearen lehen pausoa.
Gorriak ikusitakoa da Reala. Hazkundeak ez dirudi samurragoa, ordea.
Aurreneko hilabeteak bereziki latzak izan ziren. Gogoan daukat duela bi urteko irailaren 7an 100 urte bete zituela Realak, eta hurrengo egunean hartzekodunen hitzarmena aurkeztu genuela. Pentsa, abuztu erdialdean ez zegoen adostasunik. Egoera horretan jarraitu izan bagenu, epaileak elkartea desegiteko agindua eman zezakeen. Emaitza bati hazteari baino garrantzi handiagoa aitortzen diogu batzuetan. Egonkortzea, kontratu berria gauzatzea, Anoeta berregituratzea... Azken batean, azpiegitura sendotzea da garrantzitsuena, ez liga irabaztea. Horretaz hitz egitean, datozen hogei urteetarako oinarri ekonomikoak ari gara jartzen. Une garrantzitsua da, hortaz.
Akziodunek bizkarra emango balizuete, zer gertatuko litzateke?
Hauteskundeak egingo lirateke.
Fundazioa martxan al dago jada?
Lehenbiziko urratsak egiten ari da. Eratuta dago, eta aurreneko jarduerak gauzatzen ari da. Pixkanaka emango dugu ezagutzera. Lehen taldeko emaitzetatik at utzi nahi dugu oinarrizko futbola. Horretan saiatuko gara. Zubietan zertan ari diren eta dirua zertarako erabiltzen den erakutsi nahi dugu. Esan liteke ezezaguna dela. Ekonomia aldetik burujabea izatea nahi dugu.
Jokin Aperribai. Realeko presidentea
«Azpiegiturak sendotzea da garrantzitsuena, ez liga irabaztea»
Sailkapenak aurkakoa dioen arren, lasai eta konfiantzaz beteta dago Jokin Aperribai. Philippe Montanierren eguneroko lanean itsu-itsuan sinesten duela aitortu du, eta jokalariak gora egiten hasteko irrikan nabaritzen ditu. Zaleei lasai egoteko eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu