Reala Vila-reali gailendu izanak baikortasun giroa piztu du, baina Martin Lasartek behin baino gehiagotan gogorarazi zuen atzo liga hasi besterik ez dela egin: «Lehia bakarra jokatu dugu, goizegi da non egongo garen jakiteko. Ezin dugu pentsatu 1970eko hamarkadako Ajax garela». Biharko lehia du buruan uruguaitarrak, ez besterik: «Oso garrantzitsua da, puntuengatik, eta etxetik kanpo lehiakorrak izan gaitezkeela erakutsi behar dugulako». Galdu edo irabazi, «bizi eta indartsu» ikusi nahi du taldea. Eta kanpoan jokatzeak izan ditzakeen abantailak baliatu nahi ditu: «Joan zen sasoian ez genuen ikasi, baina agian honetan hobeto arituko gara, urtebete daramagulako elkarrekin lanean».
Zuzen dabil Lasarte. Garaipen bategatik, Realak ezin du ahaztu nondik datorren, nora ailegatu behar duen, eta bidean zenbat zailtasun topatuko dituen. Ardi bakar batek ez du artalderik egiten. Zale asko Real Madrilen aurka jokatu beharreko norgehiagokan pentsatzen hasiak dira. Normala da goi mailako aurkariak ikusteko irrikan izatea. Baina hotz aztertuta, biharko partidak garrantzi handiagoa izan dezake, mailari eusteko borrokan egon daitekeen taldeari egingo diolako aurre Realak; hau da, aurkari zuzen bati. Eta gainera, joan den denboraldian ez bezala, etxetik kanpo ere ondo molda daitekeela erakusteko erronka dauka.
Anoetan denboraldi zoragarria egin zuen taldeak, 50 puntu bilduta. Kanpoan, berriz, 24 baino ez. Ia ezinezkoa izango da kopuru horiek errepikatzea, baina ahal duen neurrian, dohainei eusten eta akatsak hobetzen saiatu beharko du. Lehen Mailan ez da batere erraza kanpoan irabaztea: Almeriak, adibidez, hamabi puntu baino ez zituen bildu joan den sasoian. Baina Vila-realen aurka erakutsitako joko ereduari segida emateko gai baldin bada, Realak baliabide politak izan ditzake bere zelaitik at ondo moldatzeko: geldikako joko arriskutsua, eta zelai erdian baloiak lapurtu eta azkar ateratzeko gaitasuna.
Tamudo hasieratik
Taktika horretan Llorentek berebiziko garrantzia du, baina Lasartek atzo aditzera eman zuen hondarribiarra ez dela garaiz osatuko. «Taldearen asmoekin bikain uztartzen diren ezaugarriak dauzka Llorentek, baina beste batzuenak aprobetxatzen saiatuko gara, eta ez dauzkagunak ahaztu. Askotan toki batean galdu, baina besteetan irabazten duzu». Osatzen ez bada, Tamudok dauka aukera handien hura ordezkatzeko. Osasuna eta Racingen aurkako lagunartekoetan hiru gol sartu zituen, eta Lasarteren esanetan, «dinamikan sartzea kosta izan bazitzaion ere, ia besteen pare dabil jada fisikoki».
Reala ez bezala, Almeria ez da talde historikoa, baina paradoxikoki, bere urrezko aroak Realaren urte beltzekin egin du bat. Txuri-urdinak jaitsi ziren urtean lortu zuen igoera, eta harrezkero mailari eutsi dio, itxuroso ia beti. Gaur lehen aldiz neurtuko dituzte indarrak Lehen Mailan, gaur egungo Almeria sortu zenetik (1989an). Talde arriskutsua da. Sendo aritzen da etxean, eta erdilari erasokor zein aurrelari onak dauzka: Piatti, Crusat, Uche, Goitom... Realak Bigarren Mailan ondo ezagutzen duen beste errematatzaile on bat fitxatu du: Ulloa. Aulkian, berriz, Martin Lasarteren aurretik taldea infernutik ateratzeko eginahalak egin zituen gizona, Juanma Lillo.
Azterketa garrantzitsua
Realak lehen partidan erakutsitako itxura onarekin jarraitu nahi du bihar, aurkari zuzen baten zelaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu