Azterketa gogorra dauka

Levantek irabazi egin zuen atzo, eta Osasuna jaisteko postuetan sartuko da gaur, etxean 0-3 galduz gero

Iruñea
2011ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Azken bi hilabeteetan Lehen Mailako talderik kaskarrena izan da Osasuna, azken zortzi jardunaldietan hiru partida berdindu eta bost galduta. Urtarrileko aldapa nekez ari dira igotzen gorritxoak, eta urtarrila amaitzeko erronka gogorra dute gaur, Real Madril hartuko baitute Nafarroako Erresuman. Talde guztiek Osasunak baino puntu gehiago batu dituzte azken bi hilabeteetan, eta, joera negargarri hori gaur amaitu ezean, jaisteko postuetan amaitu dezakete jardunaldia nafarrek. Levantek irabazi egin zuen atzo, eta gaur Real Madrilen aurka 0-3 edo alde handiagoarekin galduz gero, jaitsieran sartuko da Osasuna.

Ukaezina da jokalariek azterketa gogorra dutela, baina Jose Antonio Camachorentzat are eta gogorragoa izango da. Jose Mourinhoren taldearen aurka gainditu beharreko azterketaz gain, zaleen azterketa ere gainditu beharko du. Azterketa bikoitza dauka entrenatzaileak. Azken emaitza txarren ostean, giroa erabat gaiztotu da. Aste honetan entrenatzailearen eta presidentearen aurkako pintaketak agertu dira Taxoaren. Camacho ohituta dago txistuak entzutera, baina, emaitza onik lortu ezean, ohi baino ozenago entzun ditzake gaur.

Dena den, entrenatzailea ez da saiatu adierazpenekin giroa baretzen. Futbolari ibilbidea ia osorik Real Madrilen egin zuenez, Osasunak Real Madrilen aurka jokatzen duen bakoitzean Espainiako hiriburuko hedabide guztietan elkarrizketatzen dute, eta aste honetan ere adierazpen ugari egin ditu. Ez du ezkutatu egoera zailean dagoela, baina lana egiten uzten baldin badiote helburua beteko duela sinetsita dago: «Hemen nagoenetik helburu bakarra izan dut: Osasuna Lehen Mailan uztea. Eta uzten badidate, lortuko dut. Uzten ez badidate, berriz, ez da nire arazoa izango».

Azken zortzi jardunaldietan partidarik irabazi gabe, Camachok normaltzat hartu du kritikak entzutea. «Baina orain zortzi aste ere entzuten nituen kritikak, eta hori ez zen logikoa. Ni entrenatzailea naiz, eta iragan udan Munduko Txapelketatik itzuli nintzenetik zale talde batek ez nau ondo hartzen». Presidentearen aurkako kritikak ulertzea are zailagoa da Camachorentzat. «Hauteskundeetara beste inor ez zen aurkeztu, eta ez dakit zer leporatzen dioten orain. Ez dut ulertzen. Klubak entrenatzaile kargutik kendu nahi banau, ez dut trabarik jarriko. Baina nik ezin dut ezer egin giroa aldatzeko».

Tristea da zaleen haserrea arrazoitzeko politika kontuak edo Espainiako selekzioak irabazi berri duen Munduko Txapelketa aipatzea. Aitzakia itxura du horrek. Berriz ere, zaleekin adiskidetzen saiatu ordez, temati eta burugogor mintzatu da Osasunako entrenatzailea. Autokritika arrastorik ez da sumatzen haren hitzetan. Taldearen gainbeheran ardurarik ez daukala dirudi, eta hitz horiekin giroa baretzea ez beste edozer gauza lor dezake.

Atzo Taxoaren ere ildo beretik jarraitu zuen, entzun dituen kritiken inguruan jokalariek erakutsi dioten babesa eskertzekoa izan al den galdetu ziotenean. «Nork kritikatzen nau? Zuek kritikatzen nauzue? Ez dakit, benetan, ez dakit nork kritikatzen nauen. Zuek ari zarete? Hedabideak? Ados, ondo da!», bota zuen urduri, taldearen gaitzen errudun ez dela sentitzen argi utziz.

Kirol arloari begiratuta, gaurkoa ez da partida erraza izango. Real Madrilek partida bakar bat galdu du sasoi honetan, Bartzelonaren zelaian, 5-0. Dena den, Santiago Bernabeun jokatu dituen hamar norgehiagokak irabazi egin dituen arren, etxetik kanpo gehiago sufritzen du Mourinhoren taldeak. Adibide gisa, Mallorca, Levante eta Almeriaren zelaietan berdinketarekin konformatu behar izan zuten madrildarrek. Eta Osasuna bezalaxe, jaisteko postuak saihesteko borrokan sartuta daude Levante zein Almeria. Zaila izango da, baina ez da ezinezkoa. Camacho Osasunako entrenatzailea denetik, gorritxoek Nafarroako Erresuman ez dute galdu Real Madrilen aurka. Orain bi sasoi 2-1 irabazi zuten nafarrek azken jardunaldian. Real Madrilek ez zeukan ezer jokoan orduko hartan, eta gorritxoek derrigorrean irabazi beharra zeukaten mailari eusteko.

Pandiani hasieratik ziurrenik

Iragan sasoiko partida aztertuta, 0-0 amaitu zen norgehiagoka. «Almerian berdindu egin zuten, Mallorcaren aurka asko kostata irabazi zuten, eta bide horretatik jarraitzen badute, ezustekoa emateko gai izan gaitezke agian. Lehen itzulian ere asko kostatu zitzaion Real Madrili Osasuna menderatzea», esan zuen atzo Camachok berak.

Masud, Nekunam, Monreal, Cejudo eta Ruper min hartuta daude, baina horiek izan ezik, beste jokalari guztiak deialdian sartu zituen atzo Camachok. Deialdi horretan sartu dituen hemeretzi jokalarietako batek harmailetatik ikusi beharko du partida. Pandianiren itzulera da deialdiko berritasun nagusia. Hasieratik aritu daiteke gaur aurrelari uruguaitarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.