Baikor zeuden Osasuna inguruan, laugarren jardunalditik zortzigarrenera bitartean jokatuko lau partidetatik hiru irabazi ostean. Baina azken hiru partidetan ez du partidarik irabazi Jose Antonio Camachoren taldeak, eta lehia garrantzitsua dute gaur iluntzean Valentziaren aurka, Nafarroako Erresuman. Irabaziz gero, baikortasuna izango da nagusi berriz, baina gorritxoek badakite porrot batek sailkapeneko postu gaiztoenetara begira jarriko dituela berriro. Eta aurkariak sasoi honetan etxetik kanpo erakutsitako indarra ikusita, galtzea ez lizateke harrigarria izango: sasoi hasieraz gerotik etxetik kanpo jokatutako bost liga jardunaldietan lau norgehiagoka irabazi ditu Valentziak.
Orain dela hilabete, Atletico Madril mendean hartu zutenean, sasoi dotorea egin dezaketela sinesten hasi ziren gorritxoak. Santanderren arauz kanpoko minutuetan egin zien ihes garaipenak. Atsekabetuta amaitu zuten norgehiagoka, baina hurrengo jardunaldian partidaren ondarreko minutuek ustekabe gozoa eman zieten Camachoren jokalariei, eta Bartzelona txapeldunaren aurka berdindu egin zuten. Baikor ziren berriz nafarrak. Almeriako porrotak, ordea, hautsak harrotu zituen: Osasunak ez zuen fin jokatu. Espainiako Kopan Xerez mendean hartu eta gero, azken bi asteak jasangarriak izan dira. Baina gaur iluntzeko norgehiagoka zaila da, eta gorritxoen aldartearen nondik norakoak jokoan izango dira berriz.
Unai Emeryk entrenatutako taldea, aldiz, une gozoan iritsiko da Iruñera. Sailkapeneko laugarren postuan dago Valentzia, eta etxetik kanpoko partidetan nagusitasun handia erakutsi dute. Valladoliden 2-4 nagusitu zen Valentzia, Santanderren 0-1, Almerian 0-3 eta Malagan 0-1. Partida bakarra galdu dute etxetik at: Getafen, 3-1. «Etxetik kanpoko partidetan bikain ari dira, eta orain sailkapenean aurretik dituen Sevilla eta Real Madril baino indartsuago ikusten dut nik Valentzia. Villak, Silvak, Matak eta Pablo Hernandezek Espainiako selekzioarekin jokatzen dute, eta Espainiako selekzioa gaur egun ez da edonolako selekzioa. Min asko egin dezakete erasoan; jokalariak bikainak dira, eta gure jokorik onena egin beharko dugu partida irabazteko», esan zuen Javier Camuñasek aste hasieran. Osasunako ezker hegaleko erdilariak laudorioak besterik ez zituen izan Valentziarentzat, eta partidaren atarian kontrarioak goraipatzea ohiko joera den arren, Camuñasek ez zuen gezurrik esan. Ondo dago Valentzia, jokalari bikainak ditu Emeryk bere aginduetara, eta erronka gogorra dauka Osasunak, azterketa zaila.
Adierazpen gurutzatuak
Dena dela, Liga hasiz gerotik etxean jokatu bost partidetatik bakarra galdu du Osasunak berak ere -Sevillaren aurka, 0-2-. Eta Valentzian ere ez daude lasai. «Gerrara goaz, eta hortzak estutu beharko ditugu», esan zuen ostegunean Pablo Hernandez erdilariak gaurko partidari buruz galdetu ziotenean. Unai Emeryk ere ez zuen asmatu bere adierazpenetan herenegun: «Profesionaltasun handiz aritzea eskatzen diet jokalariei, baita epaileari ere. Nafarroako Erresuman zelai gutxitan bezala estutzen dute zaleek, eta garrantzitsua izango da epaileak burua argi izatea, Osasunaren aldeko atmosfera horrek bere erabakiak baldintza ez ditzan», esan zuen hondarribitarrak. Velasco Carballo ariko da gaur Nafarroako Erresuman epaile lanetan, eta Emeryren hitzak harentzat ziren. Osasunaren jarraitzaileek harmailetatik eragingo dioten adinako presioa eragin dio partidaren atarian Valentziako entrenatzaileak Velasco Carballo jaunari.
Eta Camacho ez zen isildu atzo, noski: «Ez dut ulertzen zer esan nahi izan duen Emeryk, ez al da konturatzen Osasunari ez diotela ezer oparitu epaileek eta askotan kaltetu gaituztela? Epailearekiko errespetu falta iruditu zait. Hemen ez zaio inori ezer egin, gure zelaitik pasatu diren taldeetatik bakar bat ere ez da kexatu. Gure zaleek animatu egiten dutela? Akabo, bestela!», adierazi zuen, ozen.
Bestalde, azken bi asteetan A/H1N1 gripeak jota izan dira Osasunako lau jokalari. Oier Sanjurjo izan zen gripearen eraginez etxean gelditu behar izan zuen lehendabiziko jokalaria, Sergio Fernandez erdiko atzelariak hartu zion lekukoa Lizarrakoari iragan astearen amaieran, eta aste honetan, berriz, Ruper eta Juanfran izan dira kaltetuak. Ostegunaz gerotik, ordea, osatuta dira laurak, eta Jose Antonio Camachok gaur goizean ezagutaraziko duen deialdian izango dira laurak, okerrik izan ezean. Juanfranek, gainera, hasieratik jokatzeko aukera izango du, aste osoan eginiko entrenamenduetan ikusi ahal izan denez, Almeriako partidarekin alderatuz gero aldaketa bakarra egiteko asmoa baitu Osasunako entrenatzaileak: Natxo Monreal min hartuta dago, eta Javier Callejak beteko du Monrealek Osasunaren atzealdeko ezker hegalean utzitako hutsunea.
Azterketa zaila dauka
Osatu dira gripeak jota egondako Osasunako jokalariak, eta Juanfran hasieratik ariko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu