Hastera doa buruz buruko erremonte txapelketa, urteko zitarik garrantzitsuena. Eta hasi, bi berrikuntza nagusirekin hasiko da, atzo Donostiako Kutxaren prentsa aretoan egin zen aurkezpenean azaldu zenez. Batetik, Kutxa izango da txapelketaren babesle nagusia, eta ez Kursaal kasinoa, orain arte bezala. Eta bestetik, sistema berriarekin jokatuko da. Hogeita zortzi egunez erremonterik onenaz gozatzeko aukera izango da Galarretan, txapelketako partida guztiak bertan jokatuko baitira, 30 tantora. Etzi ekingo zaio Urriza eta Utergaren arteko neurketarekin, eta finala irailaren 3an izango da. Ikuskizuna, beste behin, ziurtaturik dago.
Aurkezpen ekitaldian Kike Elizalde Oriamendi enpresako intendentea, Francis Sistiaga gerentea eta Iñaki Almandoz Kutxako zuzendaritzako kideetako bat izan ziren hitza hartu zutenak. Azken horrentzat, «ohorea da» haren enpresak erremonte txapelketa babestea, eta urte askotarako izatea espero du. Elizalde, berriz, kirol arloari begira mintzatu zen, eta enpresako pilotari onenekin egindako txapelketa dela nabarmendu zuen: «Gure helburua ahalik eta maila oneneko torneoa antolatzea da, baina gazteei aukerak ematen jarraitu nahi dugu, urtero baitago ezustekoren bat».
Izan ere, buruz buruko txapelketan sartu ahal izateko atariko partida asko antolatu ditu enpresak, pilotari guztiek hartu dute parte, eta Uterga izan da koadroko onenekin lehiatzeko aukera eskuratu duena. Beraz, Utergaz gain, Ezkurra iazko txapelduna, San Miguel, Zeberio II.a, Urriza eta Urrutia izango dira parte hartzaileak. Sei horiek badakite zer den buruz buruko torneoa jokatzea, iaz ere parte hartu baitzuten. Aldiz, Matxin IV.a, Etxabe II.a, Olazar, Lizaso eta Juaristi txapelketatik kanpo geratu dira.
Aurreko urteetan baino pilotari gutxiago izaki, sistema berria aplikatu dute antolatzaileek. Ezkurra eta San Miguel, iazko bi finalistak, finalerdietan sartuko dira lehian. Beste laurek, berriz, ligaxka jokatuko dute final laurdenetan. Denak denen aurka ariko dira, eta lehenengo biak sailkatuko dira hurrengo faserako. Lehenak Ezkurra izango du kontrario, eta bigarrenak San Miguel. Bi onenak finalean sartuko dira.
Hasiera batean, Urrutia eta Zeberio II.a dira finalerdietan sartzeko faboritoak, baina Uterga eta Urriza ere indartsu daude. Utergak, gainera, badu abantailarik: «Partida asko jokatuta nator, eta ongi etorriko zait. Lehen partida beti izaten da zaila, baina aspaldi pasatu nuen hori. Ez daukat ezer galtzeko». Iaz ere neurtu zituzten indarrak Utergak eta Urrizak, eta txapelketako partidarik onenetakoa egin zuten. Urriza aurretik ibili zen, baina amaieran aurrea hartu zion Utergak (28-30). Bi horien arteko partida etzi izango da, eta Urrutiak eta Zeberio II.ak igandean jokatuko dute.
Garaipen zerrendaren gailurrean Ezkurra ageri da, hamar aldiz jantzi baitu buruz buruko txapela. Zeberio II.a eta Urrutia bina titulurekin daude. Iaz euren helburutik urrun geratu ziren, eta aurten lan hobea egin nahi dute. San Miguel, Urriza eta Uterga, berriz, lehen txapela irabazteko ilusioarekin ariko dira. Doneztebeko atzelaria gertu egon zen iaz. Galarretak dauka azken hitza.
Babesle eta sistema berriarekin
Urrizak eta Utergak etzi ekingo diote buruz buruko Kutxa torneoari, eta finala irailaren 3an jokatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu