Fuenlabrada etxean, eta Kanaria Handia etxetik urrun. Horra hor urtea bukatu aurretik Lagun Arok daukan menua. Biak irabaztea komeni, behingoz zulotik ateratzeko, baina pausoz pauso joan behar da. Ezin baita bigarrenean pentsatu lehen partida alboratuta; aurkariaren arriskuagatik, batez ere. Ligako zortzi onenen artean dago Fuenlabrada, eta bertan segitzen saiatuko da, Kopako txartela lortzeko. Madrilgoek galdu egin zuten etxean aurreko jardunaldian, CAI Zaragozaren aurka, eta egoera horri buelta emateko asmoarekin datoz Donostiara.
Lagun Arok, ordea, espainiarrek baino premia handiagoa du. Badalonan irabazi izanak arnasa eman dio taldeari, baina ez lasaitzeko adina, garaipen bakarrera baititu jaitsiera postuak. Joventuten aurka erakutsitako kemena eta portzentaje onak mantentzen baditu, lan asko eginda edukiko du Sito Alonsoren taldeak. Galdera da hala egiteko gai izango ote den.
Porfi Fisac da Fuenlabradako entrenatzailea. Donostian urteak egin zituen, baina alde egin zuenetik erabat aldatu da taldea. David Doblasek bakarrik irauten du. Pentsatzekoa da Panko estu zaintzeko taktikaren bat presta dezakeela, bai Mainoldirekin, bai Gustavo Ayonekin. Ikusgarria izan liteke, era berean, Kirk Penney eta Jimmy Baron jaurtitzaileen arteko lehia.
LAGUN ARO-FUENLABRADA
Txapelketa. ACB ligako 12. jardunaldia.
Lagun Aro GBC. Neto, Salgado, Lander Lasa, Jimmy Baron Jr., Papamakarios, Vidal, Panko, Adeleke, Julen Olaizola, Doblas eta Betts.
Baloncesto Fuenlabrada. Colom, Sergio Sanchez, Laviña, Jon Kortaberria, Penney, Muñoz, Vega, Laso, Mainoldi, Ayon eta Saer Sene.
Sailkapena. Lagun Aro 15.a da: 3-8 (-4); Fuenlabrada 8.a: 6-5 (-5).
Tokia. Donostia Arena 2016 (10.600 ikusle).
Ordua. 20:00 (ETB 1).
Badalonako joko onari segida eman nahi dio Lagun Arok, eta zulotik atera
Fuenlabrada gaiztoa hartuko du Illunben; zortzi onenen artean daude madrildarrak, eta partida zaila izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu