Bukaera batekin hasiko da 2011ko denboraldia. AEBetara doa. Etxera. Akabo. Lance Armstrongek (RadioShack) Tour Down Under itzuliarekin itxiko du AEBetatik kanpoko kirol ibilbidea —bart zen hastekoa itzulia, eta igandean amaituko da—. Australian esango dio agur munduari. Eta datorren maiatzaren 15etik 22ra mundua bilduko da Kaliforniako Tourrean, AEBetan, 40 urteren bueltan, behin betiko agur esaten duenean. Badoa. Zazpi Tour ageri dira haren garaipenen artean. 1999an lehenengoa. 2005ean azkena. Baina garaipen zerrendan ageri ez diren milaka erakustaldi eta balentria daude zaleen gogoan.
«Txirrindularitza aldatu dut. Entrenatzeko modua irauli genuen, talde bat osatzeko modua, lasterketei aurre egiteko eta kirol hau saltzeko modua...». Estatubatuarraren adierazpenak dira. Indarrean itzuli zen, eta indarrean ibili da. Desafioka ere bai 2009ko Tourra irabazteko gai izan ez zenean. «2010ean indartsuagoa izango naiz». Ez zuen lortu. Baina, tarte honetan, beste bat izan da bere helburua: Livestrong Fundazioaren filosofia lau haizeetara zabaltzea, eta minbiziari aurre egiteko dirua biltzea eta atxikimenduak lortzea. 29 milioi euro bildu zituen estatubatuarrak iaz. Itzaltzera doa Armstrong, neurri batean 2005ean agur esan eta 2009an tropelera itzuli zenetik, beste txirrindulari handi baten itzalean ibili behar izan duelako.
Alberto Contador da txirrindulari handi hori (Saxo Bank). Susmopean dagoen txirrindulari handia. 2007an, 2009an eta 2010ean espainiarrak irabazi zuen Frantziako Tourra. Baina gorputzeko klenbuterol arrastoek kenduko diote ziurrenik errepideak eman ziona. Espainiako Txirrindularitza Federazioaren erabakiaren zain dago Saxo Bankeko txirrindularia, baina ezuste handia litzateke bi urteko zigorra ez jasotzea. Etorri nahi du. Tropelean ibili nahi du. Entrenatzen ari da. Egutegia zehazten ere hasi da. Onena bera dela berretsi nahi du. Baina ez diote utziko. Eta utziko ez diotelako, herrenka hasi da 2011ko denboraldia, Australian.
Handi baten agurrak eta oso handi izateko bidean zetorren beste baten balizko zigorrak itzalean utzi dituzte talde aldaketak, egutegiak eta Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunaren (UCI) erabakiak. Hemezortzi talde lehiatuko dira UCI World Tour ligan: Ag2r, Astana, BMC, Euskaltel-Euskadi, Garmin-Cervelo, High Road, Katuxa, Lampre, Leopard-Trek, Liquigas, Movistar, Omega Pharma-Lotto, Quick Step, Rabobank, RadioShack, Saxo Bank, Sky eta Vacansoleil.
Garmin zena Garmin-Cervelo izango da orain; Saxo Banken egitura Leopard-Trek Luxenburgoko taldeak hartuko du; Caisse d'Epargnek izena eta maillota besterik ez du aldatuko Movistarrera igarota; eta BMC eta Vacansoleil UCI World Tourreko egutegian sartuko dira. Milram desagertu egin da, eta Française des Jeux eta Geox ere gorengo mailatik kanpo gelditu dira. Deigarria da oso Geoxen kasua, Denis Mentxov errusiarra —iaz hirugarren amaitu zuen Tourra— eta Carlos Sastre espainiarra —2008an Tourra irabazi zuen— fitxatu dituztelako, besteak beste. Hiru itzuli handien gonbidapenaren zain egon beharko dute talde horiek, nahiz eta joan den astean Espainiako kirol kazeta batek kaleratu zuen Tourrak jada Geoxi esan diola ez dutela gonbidatuko. Kolpe handia litzateke hori Josean Fernandez Matxin euskal herritarrak zuzentzen duen taldearentzat.
Gain-gainetik horiek dira 2011rako talde aldaketak. Baina sakonago begiratzen hasita, izen bat ageri da aldaketa horien erdian: Andy Schleckena. Anaia eta Fabian Cancellara suitzarra ondoan dituela, talde indartsua sortu du Luxenburgon. Saxo Banken ibilitako zortzi txirrindulari joan dira Schleck anaien taldera (Cancellara eta Frank eta Andy Schleckez gain, Jakob Fuglsand, Dominik Klemme, Anders Lund, Stuart O'Grady, Jens Voigt), eta fitxaketak ere ez dira nolanahikoak izan: Maxime Monfort, Fabian Wegmann, Linus Gerdemann, Wouter Weylandt, Daniele Bennati... Sorensen anaiak soilik faltako zaizkio Schleck anaietan gazteenari, baina Contadorren itzal luzerik gabe —Saxo Bankera joan da espainiarra, Schleck anaien hutsunea betetzera—, eta gazteen leherketaren baten zain, harena da etorkizuna.
Ez duelako ematen luxenburgotarrari aurre egiteko taldeburu sendorik dagoenik. Roman Kreuziger eta Alexandr Vinokurov dauzka Astanak; Robert Gesink Rabobankek; Ivan Basso eta Vincenzo Nibali Liquigasek; Denis Mentxov eta Carlos Sastre Geoxek; Riccardo Ricco Vacansoleilek; Bradley Wiggins eta Michael Rogers Skyk; Cadel Evans BMCk; Samuel Sanchez eta Igor Anton Euskaltel-Euskadik; Damiano Cunego Lamprek; Joaquim Rodriguez Katuxak... Hiru itzuli handietan podiumera igotzeko moduko txirrindulariak dira guztiak, baina Andy Schleck horiek guztiak baino koska bat edo bi gorago dagoela ematen du.
Vuelta, astebete lehenago
Ohi bezala, Tour Down Under itzuliarekin hasi eta Lombardiako Giroarekin amaituko da UCI World Tour liga, urriaren 15ean. Paris-Niza izango da bigarren proba —martxoaren 6tik 13ra jokatuko da—; apirilaren 4tik 9ra jokatuko da Euskal Herriko Itzulia; maiatzaren 7tik 29ra Italiako Giroa; ekainaren 5etik 12ra eta ekainaren 11tik 19ra Dauphine Libere eta Suitzako Tourra, Frantziako Tourraren atariko proba garrantzitsuak; uztailaren 2tik 24ra Frantziako Tourra; uztailaren 30ean Donostiako Klasikoa; eta Espainiako Vuelta astebete lehenago hasiko da, abuztuaren 20an —irailaren 11n amaituko da—.
Australiara begira jarrita, esprinterren erreinua izan ohi da normalean Tour Down Under proba, eta egunotan ikusi ahal izango da tropelaren abiadura igo edo jaitsi egin den. Ikuskizunaren izenean aldaketa politak izan dira esprinterren taldeen artean. Columbian jarraituko dute Mark Cavendishek eta Matthew Gossek —herenegun berak irabazi zuen Australian Cancer Council Classic proba—, baina Andre Greipel Omega Pharma-Lottora joan da. Daniele Bennati Leopard-Trekek fitxatu du; Gerald Ciolek eta Francesco Chicchi Quick Stepek; Robbie McEwen RadioShackek; Thor Hushovd Garmin-Cervelok... Horiei Tom Boonen (Quick Step), Tyler Farrar (Garmin-Cervelo), Alessandro Petacchi (Lampre), Allan Davis (Astana), Greg Henderson (Sky), Koldo Fernandez de Larrea (Euskaltel-Euskadi), eta gainerako txirrindulari azkarrak gehituta, ikuskizun polita izango da aurten ere esprintetan. Egunotan Australia izango da horren erakusgarri.
Badoa... eta etorri nahi du
Bart hasi da UCI World Tour liga, Tour Down Under probarekin; Lance Armstrong azkenekoz lehiatuko da AEBetatik kanpoAlberto Contadorren balizko zigorrak bidea nabarmen samurtuko dio Andy Schlecki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu