Ez zaio motz egin izango bart Realari Almeriatik Donostiarako bidea. Oso luzea, ziurrenik. Luzea eta astuna. Eta ez da harritzekoa. Izan ere, Europan ongi sendotu eta laugarren postuarekin ametsetan jarraitzeko aukera aproposa galdu zuten atzo txuri-urdinek. Oso aproposa ere. Aurkaria baino gehiago zirela erakutsi arren, intentsitate eta kastarik gabe jokatu zuten, eta galdu egin zuten. Merezita, gainera. Bi aldiz aurrea hartu arren, ez zuten jakin izan aurkaria itotzen, eta azkenerako eurak ito ziren.
Neurketako minuturik onenak partida hasieran izan zituen Realak. Kontrolpean eduki zuen erabat Almeria, eta erasoan min egiten asmatu zuen. Agirretxe izan zen protagonista. Ordulaurden eskasean golen bat egiteko hiru aukera izan zituen, baina ez zen fin aritu ate aurrean. Usurbilgoaren ordez, baina, Vela agertu zen, eta mexikarrak ez zuen barkatu. Jokaldi eder baten ostean, eskuarekin jo zuen baloia Almeriako jokalari batek, eta epaileak penaltia adierazi zuen. Denboraldiko estreinakoa txuri-urdinentzat. Bada, Velak berak jaurti zuen, eta 0-1 jarri zuen neurketa.
Gol horrek konfiantza eman zien txuri-urdinei, lasaiago eta erosoago jokatzen hasi baitziren. Pentsa, luzitzeko aukera bat edo beste ere izan zuten. Hain justu, horretan ahalegindu zen Griezmann txilena batekin, eta ederki damutu izango zitzaion hurrengo jokaldian. Izan ere, banakoa egin zuen Almeriak. Sorianok eta Oscarrek ongi josi zuten jokaldi bat, eta azken horrek ez zuen barkatu. Lehen zatiak ez zuen gehiagorako eman.
Jagoba Arrasatek ahoa ez zen isilik egon izango atsedenaldian. Aholkuak ez ezik, bronkak ere bota izango baitzituen. Kalitatea sobera duela erakutsi arren, talde baten itxura eman gabe aritu zen Reala; alegia, erasoan fin baina atzean zuloak utziaz.
Partida bukaera eroa
Bada, bigarren zatiaren hasierak ere lehenengoaren bukaeraren antza izan zuen. Etxekoak jaun eta jabe ziren, eta aurretik jartzeko aukera ugari izan zituzten. Lortu ere lortu zuten, baina epaileak balio gabe utzi zuen gola. Realak gustuz hartu zuen oparia, hurrengo jokaldian babak eltzetik atera baitzituen Agirretxek. Bakarrik eginiko jokaldi bati amaiera ezin hobea eman zion. Estebanen aurrean baloia loratuta egin zuen 1-2koa.
Bazirudien hiru puntuak Donostiatik gertu egon zitezkeela, baina ez. Ia guztia iristeke zegoen. Epailearen akats baten erruz, binakoa egin zuen Almeriak penaltiz. Verzak egin zuen gola 65. minutuan. Hori gutxi ez, eta berriz ere penaltiz 3-2koa egin zuen Verzak bost minutura. Markelek erantzun zuen 85.ean, buruz eginiko gol batekin. Ordea, azken minutuetan 4-3koa sartu zuen Almeriak, zortea lagun, eta kolpe gogorra jaso zuten donostiarrek.