Bai, baina prestatu gabe

Asier Olaizolak lau zentimetroko zuntz haustura izan du izterrean, baina garaiz sendatuko da buruz burukorako

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2009ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Asier Olaizola ez da behar bezala prestatuta egongo hiru aste barru Ruben Belokiren aurka jokatu beharreko buruz buruko txapelketako final-laurdenetako partidarako. Duela bi aste lau zentimetroko zuntz haustura egin zuen ezkerreko izterrean, eta hartaz geroztik jokatu gabe dago. Haustura handia da, eta ozta-ozta iritsiko da txapelketako partidara, baina garaiz sendatuko da. Pilotaria baikorra da, baita enpresako medikua ere. Hori bai, prestaketa ez da egokia izango, Olaizolaren kalkuluen arabera asko jota entrenamendu saio indartsu bakarra egiteko beta izango duelako.

«Baikorra naiz, medikuak eta fisioterapeutak garaiz sendatuko naizela esan didatelako. Okerrera ez badu egiten jokatuko dudala uste dut, baina ezingo naiz prestatu». Goizuetakoak duela bi aste egin zuen haustura, Tolosan jokaturiko partidaren hasieran. Partida bukatu zuen, eta hurrengo egunean eginiko ekografian jakin zuen urratua handia zela. Ez da halako lesio bat igaro duen lehen aldia, eta badaki azken hilabeteetan pilotari askori zuntz hausturek okerrera egin dietela behar baino goizago jokatzen hasteagatik. Beraz, Olaizolak argi du lehentasuna zein den. «Orain hankak buruz burukoan parte hartzeak baino gehiago arduratzean nau. Garrantzitsuena ondo sendatzea da».

Baina txapelketako final-laurdenak hor daude, eta oso erakargarriak dira. Bi asteko atsedenaren ondoren haustura itxi zaio, eta atzo hasi zen errehabilitazio lanarekin. Indarberritzea, berriz, gaur hasiko du. Gasteizen egingo du lan hori, eta aste honetan lau saio egin beharko ditu. Epeak betetzen badira, jokatzeko moduan egongo da, eta entrenamendu saio bat egin ahal izango du. Inoiz baino beranduago ekingo dio manomanistari, baina inoiz baino okerrago prestatuko du. «Inoiz ez dut prestatzeko hainbeste denbora izan eta, hala ere, oso justu iritsiko naiz. Aurkezpenaren aurretik hamar egunez geldirik egon nintzen uzkurdura baten erruz, gero hau, eta ez dut entrenamendu bakarra ere egin. Kirolarien zortea halakoa da. Ea behintzat lan saio gogor bat egiteko aukera dudan».

Hiru aste ditu indartzeko, eta, atzerapenik eskatu ezin duenez,pilotariak ez du ezkutatzen epea ahalik eta gehien luzatzen saiatuko dela. «Astelehenean [maiatzaren 11n] jokatu nahiko nuke, nirea bezalako lesio batean egun pare batean asko egin daiteke hobera, eta, agian, entrenamendu bat gehiago egin». Olaizolak Beloki izango du kontrario. Iaz22-7 irabazi zion, baina, herenegungo partidan Burlatakoak nola jokatu zuen ikusita, badaki partida oso gogorra izango dela. «Kanporaketak ez du zerikusirikiazkoarekin. Iaz Beloki gaizki zegoen, gerriko arazo eta bestelakoekin. Herenegun, berriz, oso ondo ikusi nuen. Kolpez fresko dago eta kantxan ere oso ondo ibili zen». Partidak sari bikoitza du, irabazlea zerrendaburu izango baita hurrengo urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.