Baikok Pilotabiziri erantzun dio

Enpresak «deitoratu» egin du elkarteak pilotarien auzian «publikoki haien alde egin izana», bere bertsioa jakin gabe

Etenaldiaren ondorengo lehen pilota jaialdia, Eibarko Astelena pilotalekuan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Hamar egun itxaron ditu Baikok haren enpresako pilotari gehien-gehienek eginiko salaketei erantzuteko. Halere, ez die haiei erantzun zuzenean, haiei babesa eman eta Baikoren jokabidea eta jarrera kritikatu duen Pilotabizi Pilotazaleen Elkarteari baizik. Enpresari burofax bat bidalita egin zuen Pilotabizik salaketa, eta Baikok ohar batean erantzun dio.

Baikok «deitoratu» egin du Pilotabizik «publikoki batzuen alde agertu eta jokatzea», aurretik enpresako inorekin harremanetan jarri gabe eta enpresaren bertsioa ezagutu gabe. Baikoren arabera, «nekez izan daiteke edozein gai edo eztabaidaz iritzi arrazoitu eta justurik alde guztien bertsioak modu fidagarrian ezagutu gabe». Horren harira, Baikok dio Pilotabizik duen gertakarien bertsioak «akats larria» duela hasieratik: «Idatzian aipatzen dituzun pilotari gehienak ez dira jada Baikoko pilotariak, baina ez da izan enpresaren erabakia, pilotarien erabakia baizik. Izan ere, kontratuak berritzeko eskaintzak izan dituzten arren, ezetz esan diete, ekonomikoki nahikoak ez zirela argudiatuta. Eta hori erabaki dute bizi dugun krisi ekonomiko larriaren testuingurua kontuan izan gabe».

Enpresaren iritziz, «pilota profesionala oro har, eta Baiko bereziki, pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioak pairatzen ari da; horrenbeste, ezen haren etorkizuna kolokan jarri baitu». Hala ere, dioenez, sinatutako akordioak errespetatzen jarraitzen du, langileei ordaintzen, ez du inor kanporatu, eta zergak pagatzen ditu. Azken horietatik espero du diru laguntza gisa itzuliak izan daitezela, eskola pilota eta pilota afizionatua garatzeko. «Hori guztia diru laguntzarik jaso gabe egin dugu», dio Baikok.

Enpresaren arabera, «gustatu edo ez, mundu mailako kirol profesional guztia, baita pilota profesionala ere, kirol plantillen txandakatzean oinarritzen da. Hau da, eskoletako pilotari gazteek profesionaletan debuta egiteko, beste pilotari batzuek utzi behar dute tokia, haiek erabakita edo kirol ikuskizun edo adin beharrengatik erakundeek hala erabakita. Hala izan da, eta hala izango da aurrerantzean ere, mundu mailako edozein lekutako kirol profesionalari lotuta baitago. Horren harira, afizionatu mailako klubetako pilotari gazteak gure teknikariekin lanean ari dira profesionaletara jauzi egin ahal izateko».

Baikok «eskertu» egin dio Pilotabiziri gaian erakutsi duen «interesa», baina gogorarazi dio «lan arloko gai bat» dela, eta «legearen arabera» ebatzi behar dela, «enpresaren barne eremuaren barruan, eta enpresak lehendik dituen elkarrizketa bideen bitartean, eta, jakina, kanpo interferentzien presioak alde batean utzita».

Amaitzeko, Baikok nabarmendu du «asko» direla enpresak denboraldian zehar pilota klubekin, eskolekin eta federazioekin egiten dituen ekimenak: «Halanola, pilotak banatzea, partidetako sarrerak oparitzea, pilotaren egunak eta jaialdiak antolatzea, pilotariak joatea sustapen ekitaldietara... Nahi duenak beti aurkituko gaitu euskal pilota sustatzeko bidean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.