Athletic Espainiako Kopako finalerdietan da hiru urte geroago. Atzo gauean lortu zuen sailkapena, San Mamesen, Malagari 1-0 irabazita. Aritz Adurizek bigarren zatia hasi eta berehala sartutako gol batek hautsi zuen joaneko partidako oreka —hutsean berdindu zuten Rosaledan—. Gol hori erabakigarria izan zen talde zuri-gorriak finalerdietarako txartela lor zezan.
Athleticek badaki jada nor izango duen aurkari finalaren atarian: Espanyol. Kataluniako taldeak Sevilla kanporatu du. 1-0 galdu zuen atzo Sanchez Pizjuanen, baina joanekoan 3-1 irabazi zuenez, aurrera egin du. Athleticek eta Espanyolek otsailaren 11n jokatuko dute joaneko partida, San Mamesen, 22:00etan. Itzulikoa, berriz, martxoaren 4an jokatuko dute, Cornella-Praten. Beste finalerdia Bartzelonak eta Vila-realek jokatuko dute, Atletico Madril eta Getafe kanporatu ondoren.
Athleticeko zaleak baikor egoteko moduko arrazoiak daude. Estatistikak alde ditu, oso alde. Batetik, talde zuri-gorria finalerdietan aritu den aurreko 44 aldietatik 35etan iritsi zen gero finalera, alegia, hamarretik zortzitan. Bestetik, Athleticek zortzi kanporaketa jokatu ditu Espanyolen aurka Kopan, eta zazpitan egin du aurrera.