ESKUBALOIA. ASOBAL LIGA. KASPER HVIDT. PORTLANDEKO JOKALARIA

«Baikorra naiz, dena irabaz dezakegula uste dut»

edurne elizondo
IRUÑEA
2004ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Jorgensenekin eta Boesekin batera, Danimarkako hirukoa osatzen du Kasper Hvidtek Portlanden. Leondik etorri da Iruñera. Alde Zaharrean bizi da, eta oinez ibiltzea gustuko du. Lasaia eta atsegina da, eta ez da isiltzen partidetan. Taldekideak animatzen aritzen da etengabe. Talde berrira ongi moldatu da. Portlandekin txapel bat irabazteko irrikan da.

Zer moduz Iruñean?

Ongi, oso ongi. Asko gustatzen zait hiria. Jendea oso atsegina da, bai hiriko jendea, bai eta taldekoa ere. Taldekideekin, halaber, oso ongi moldatzen naiz.

Alde Zaharrean bizi zara; gustura?

Bai. Nik erdigunean bizitzea atsegin dut. Herritarrekin bat egitea gustatzen zait, eta oinez joan ahal izatea toki guztietara. Autoa ez dut gehiegi maite.

Leonen bizikletaz joaten ziren entrenamendu saioetara, hemen ere bai?

Ez, ez, hemen ez. Askoz ere trafiko gehiago dago hemen Leonen baino, bai eta aldapa gehiago ere. Pabiloira joatea erraza litzateke, baina etxera itzultzea, ez. Orain motor txiki bat baliatzen dut.

Uda honetan tirabira ugari izan dira Alde Zaharrean, Euskal Jai gaztetxea eraitsi baitu Iruñeko Udalak. Horren berri izan duzu?

Gaztetxea bota zutenean ez nengoen Iruñean. Aste hartan Danimarkara joan nintzen, beraz, ez nuen deus ere ikusi. Baina gero, bai, izan nuen gertatutakoaren berri.

Leonen auzokideek sari bat eman zizuten zure jarrera eskertzeko; halako saririk irabazteko asmoa duzu Iruñean?

Nahiago nuke auzoan gehiegi ez nabarmentzea. Tokia asko gustatzen zait. Auzolagunak oso jatorrak dira, oso ongi nago.

Auzoan bezain gustura zaude Portlanden?

Bai. Ongi moldatzen ari naiz. Erraza da taldekideekin bat egitea. Kanpoko jendea hartzeko ohitura dute, eta gauzak asko errazten dizkizute. Badakite kanpotik datorrenak zer behar duen.

Ligaren hasiera, halaber, oso ona izan da; bost partida eta bost garaipen. Espero zenuen?

Bost partidetan hamar puntu lortzea espero nuen, bai. Oraindik asko dugu hobetzeko, baina lehenengo partida horietan punturen bat galtzerik ez nuen espero. Partida zailak izan dira, baina ez denboraldiko zailenak.

Talde handi baten kontra indarrak neurtzeko zain?

Bai. Valladolid talde indartsua da, baina gure pistan gu ongi aritu ginen, eta haiek gaizki. Beraz, ezin izan dugu ikusi orain arte zehazki zer maila dugun. Kanpoko partidak zailak dira, eta zortzigarren jardunaldian Bartzelona datorkigu. Orduan ikusiko dugu zein neurritan hobetu dugun gure jokoa, eta zein puntutan gauden. Aurten zer egin dezakegun ikusiko dugu orduan, halaber.

Taldeak aurkeztu zintuen egunean, geldiketak agindu zenizkien taldeari eta zaleei; hitza betetzen ari zara.

Bidasoaren kontrako lehenengo zatian oso gaizki aritu nintzen. Batzuetan gertatzen dira halakoak. Taldeak ongi jokatu zuen, Bidasoak gaizki, eta partida irabazi genuen. Baina, oro har, kontent nago nire lanarekin. Partidak irabazi ditugu, eta nire ekarpena ona izan dela uste dut. Talde osoa aritu da ongi, eta horrek lana errazten dio atezainari.

Ongi ikusten duzu taldea, beraz?

Defentsan lan bikaina egin dugu, hori izan da egindako lanaren gakoa. Kontraerasoan lortutako golek abantaila eman digute. Geldikako erasoan zer moduz ari garen ez dakigu oraindik, ordea. Berriok argi izan behar dugu minutu gutxiago jokatuko ditugula, eta pistara adi-adi atera behar dugula. Ez da erraza zati batean bost minutuz bakarrik aritzea, 30ak jokatzeko ohitura baduzu. Ongi ari gara, baina oraindik askoz ere hobeto ari gaitezke.

Zuk Riverorekin partekatu beharko dituzu minutuak; zer moduz moldatzen zara harekin?

Oso ongi. Oso pertsona atsegina da, oso dibertigarria. Beste hainbat jokalari bezala, partida ia osoa jokatzera ohituta gaude gu ere, baina minutuak partekatzen ikasi beharko dugu. Biontzat eta talde osoarentzat abantaila izanen dela uste dut.

Urte gogorra duzue aurretik.

Bai, horregatik da garrantzitsua txandatzea. Denboraldia luzea izanen da. Biok izanen dugu jokatzeko aukera, eta ona da txandatu gaitezkeela jakitea.

Lehiaketen artean, Txapeldunen Liga. Wisla Plock da lehen aurkaria.

Garrantzitsua da Txapeldunen Ligan ongi hastea, irabazten hastea. Baina denok dakigu Europa zer den. Gauza asko dago kontuan hartzeko. Garrantzitsuena da gu ongi aritzea, eta orain arte bezala hobetzen jarraitzea.

Portlandek zer irabaz dezake?

Ni pertsona baikorra naiz, eta uste dut dena irabazteko gai garela,hori lortzeko taldea badugu. Gero zortea izan beharko dugu alde, baina aukera badugu. Txapel batekin pozik nintzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.