Baiona errugbi taldeak Frantziako Top14 Ligako partida Donostian jokatuko du bihar, Anoeta estadioan. Okzitaniako Tolosa taldea izango du aurkari, eta partida prestatzeko gaur lan saioa Anoetan egingo dute baionarrek, 16:00etan.
Biharko partidak ikusmin handia piztu du Donostian, Baionak edo Miarritzek Donostian jokatzen duten aldiko gertatzen den moduan. Sarrera guztiak astelehenetik agortuta daude. Baionak bihar Realaren elastikoa gogoratzen duen elastikoa jantziko du, partidarako espreski egina.
Azken jardunaldia, Espainiako Ohorezko Mailan
Espainiako Ohorezko Maila astebukaera honetan amaituko da. Aurreko jardunaldian txapelketa irabazteko aukera galdu ondoren, Ordiziak La Vila txapelduna hartuko du etxean, 12:00etan, igandean. Denboraldi bikaina egin dute ordiziarrek, eta giro paregabea espero da.
Bizkaia Gernikak, berriz, bihar El Salvadorren zelaian jokatuko du, 17:00etan. Bizkaitarrek ez dute ezer jokoan, bai, ordea, Bera Berak. Azken jardunaldira mailari eutsi gabe iritsi dira donostiarrak, eta igandean 12:30ean Anoetako miniestadioan Quesos Entrepinares hartuko du.